• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2017, otsailak 6

    Urte luzez Iruñeko haur eskoletako gurasoek eta euskalgintzako kideek egindako ahalegin eta akuilu lanaren ondorioz, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak euskarazko lau haur eskola berri zabaldu dituzte. Eskaintza (17 haur eskoletatik 5 euskaraz eta beste bat euskaraz titiko haurrentzat soilik), halere, ez da nahikoa belaunaldi berriei euskararen ezagutza bermatzeko.

    Herritarrek eginiko lanari esker, Iruñeko sei haur eskoletan euskaraz

    Euren seme-alabak euskaraz eskolatu nahi izan dituzten 0-3 urte bitarteko haurren gurasoek 30 urte luzez borrokatu behar izan dute nahi zuten ereduan eskolatu ahal izateko; ordutegiak moldatu, umeak autoan sartu eta kilometroak egin, e.a. Hori edo gaztelaniazko eredura eraman 2016. urtera arte bi haur eskola besterik ez zegoelako euskaraz Iruñean.

    Urte horietan guztietan haur horien gurasoek, euskalgintzako kideen laguntzaz, behin eta berriz aldarrikatu dute euskarazko haur eskola euren seme-alabentzat, eta Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernuarengana hainbatetan zuzendu dira euren eskubideak bermatu zitezen exigituz (kontzentrazioak, sinadura bilketak, kalejirak, agerraldiak). Erakundeek, halere, entzungor egin diete, familia horien bizimodua izugarri zailduz eta euren hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratuz.

    2016. urtean Iruñeko Udalak euskarazko murgiltze eredua bi haur eskola gehiagotara hedatzeko urratsa eman zuen  (guztira 4). Berriki Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen 5 haur eskoletatik bitan euskarazko eskaintza zabaltzea lortu du gurasoek, euskalgintzak eta sindikatuek osatzen duten Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformak. Urteetako bidegabekeria zuzentzen hasteko norabide egokian emandako urratsa. Baina ez nahikoa.
     
    Oraindik ere hainbat familiek haien haurrak euskaraz eskolatzeko eskubiderik gabe jarraitzen dute, eta horri irtenbidea lehenbailehen eman beharko diote erakunde publikoek. Izan ere, euren betebeharra baita herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta horretarako familia guztiei euren seme-alabak euskaraz eta etxetik hurbil eskolatzeko eskubidea eskaini behar zaie. Hizkuntza-eskubideez, justizia sozialaz eta aukera berdintasunaz ari gara.

EUSKARAREN TELEFONOA

Banerrak