• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2017, otsailak 13

    Ostiralean eginiko osoko bilkuran obra eta garbitasun langileei hizkuntza-eskakizuna kentzeko erabakia hartu zuen, Geroa Bai eta PSN udal taldeen sostenguarekin. Erabaki honekin herritarrekin harreman zuzena duten langile horiei ez zaie hemendik aitzina euskaraz jakitea eskatuko. Behatokia udalbatzaren erabakia bertan behera gelditzeko eman beharreko urratsak aztertzen ari da.

    Altsasuko Udalak atzerapausoa eman du herritarren hizkuntza-eskubideen bermean

    Altsasuko udalbatzak hartutako erabakiak -Udaleko obra eta garbiketa langile guztiei, biri izan ezik, hizkuntza-eskakizuna kentzea- tristezia eta ezinegona eragin du herriko bizilagun eta euskararen normalizazioan lan egiten duten taldeen artean. Lanpostu horiei nahitaezkotasuna ezartzeko 2012an udalbatzak hartutako neurria atzera bota dute Geroa Bai eta PSN udal taldeek (Goazen Altsasu taldearen abstentzioa eta EH Bilduren kontrako bozkekin); ondorioz, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzeko arriskuari atea zabalduz.

    Izan ere, obra eta garbitasun lanpostuetako beharginek eguneroko bizitzan harreman oso hurbilekoa dute herritarrekin (herriko kaleetan, udaletxean, eskolan, e.a.) eta elebidunak izan ezean, eurekin euskaraz aritzeko aukerarik ez da bermatuko. Lanpostu horien zeregin eta funtzioetan ez da aldaketarik izan eta, beraz, ez da ulergarria nahitaezkoa zena orain aukerakoa edo merezimendu kualifikatu gisa kalifikatzea.  Are eta gutxiago azken boladan euskararen normalizazioan urratsak emateko Nafarroako erakunde publikoak proposatzen ari diren urratsen kontrako norabidean doala ikusita.

    Udalaren erabakiak ezinegona eta haserrea sortu du herritarren eta euskararen aldeko eragileen artean. Altsasuko udalbatzak hartutako erabakia berrazter dezala eskatzeko Behatokiak ezezik, beste eragile batzuk ere eman beharreko urratsak aztertzen ari dira, herritarren hizkuntza-eskubideen bermean atzerapausorik  eman ez dadin.

EUSKARAREN TELEFONOA

Banerrak