• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2017, ekainak 5

    Hizkuntza-eskubideak giza-eskubideen dimentsio linguistikoa diren heinean, administrazioei dagokie hauek betetzeko mekanismoak jartzea.

    Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da lan deialdi publikoetan hizkuntza-eskakizun egokiak ezartzea

    Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren urteurrena aukeratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostena aurkezteko. Donostian eman du Garbiñe Petriati Ijurra zuzendariak  ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2016an’ txostenak jasotzen duen edukiaren berri.

    Hizkuntza-eskubideen alorrean 2016an kontestu berezia bizi izan dela aipatu du Petriatik. 1996an Bartzelonan onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren gauzapenerako neurriak jasotzen dituen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zen 2016an, Kontseiluaren eskutik.

    “Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte 2016. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek” esan du Petriatik 2016ko txostenean jaso dituzten ondorioen berri eman duenean

    Behatokiak jasotako kexetan, maiz adierazi dute herritarrek inpotentzia, atsekabea, amorrua, nekea, mina eta beste hainbat sentimendu. Adibide bat aipatzearren, Donibane Lohizuneko herritar batek helarazitakoa: “…Bertan topatu nuen idazkariari euskaraz eta frantsesez egin nion eta nola ez, frantsesa zen… goitik behera begiratu zidan… ni jada erabat herabetua sentitzen nintzen… Azkenik doktoreak artatu ninduen diagnostikoa errateko, frantses hutsean eta ni jadanik txiki-txikia sentitzen nintzen, ez nintzen ausartu hitz erdi bat euskaraz erraten. Jadanik ez nintzen ongi sentitzen gaixorik bainintzen eta oino okerrago atera nintzen handik. Erabat mespretxatua sentitu nintzen, haiek baino gutiago banintz bezala…”

    Lan-deialdi publikoak puntu beltz

    Kezkaz hitz egin du Behatokiko eledunak azken urtean administrazio desberdinetan egin diren lan-deialdi publikoen inguruan. Izan ere, esan du “administrazioa euskalduntzeko prozesuan une estrategiakoan gaude. Lan-deialdiak administrazioaren berritze prozesu bat dira. Epe luzerako apustua da eta badugu kontratazio-politiketan orain arte egindakoak utzi digun esperientzia”.

    Kontratazio-politiketan aldaketarik egin ezean “hizkuntza-eskubideen bermea hipotekatu eta urraketa egoera betikotzeko arriskua handia da” Petriatik azaldu duenez.

    Eskubideak eskuratu

    Petriatik gogoratu du borroka sozialari esker lortu izan dela historian zehar eskubide sozialen aitortza. Hain zuzen ere, “bide horretan kokatu behar dira euskaraz bizi nahi duten herritarren ahalduntze saioak. Gero eta gehiago dira euskaraz bizi nahi duten herritarrak eta euren eskubideez kontzientzia hartzen ari direnak. Eta hori da jarraitu beharreko bidea Behatokiaren ustez, izan ere, demostratuta dago horrek emaitza positiboak ematen dituela”.

EUSKARAREN TELEFONOA

Banerrak