• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2020, maiatzak 15
    Alarma egoeran EITBk hartutako hizkuntza irizpideekin kexu dira hainbat herritar

    •   EITBn erdara hutsezko ordezkarien adierazpenak eta informazioa gailentzen ari dela kexatu dira herritarrak Behatokian.

    •   Informazioa <<lehentasuna>> dela erantzun du EITBk, eta agintariak <<direnak direnez>>, informazioa gazteleraz igorri duela. Neurriak iragarri ditu, gehiago zehaztu gabe.
     

    Alarma egoeraren eta osasun krisiaren inguruko informazioa garden eta zuzen jasotzea funtsezkoa da herritarrentzat, eta hedabideak oinarrizkoak dira bide horretan. Euskal hiztunen hizkuntza eta informazio eskubideak, ordea, hainbatetan urratu dira alarma egoera hasi zenetik. Horren lekuko dira Behatokiak jaso dituen herritarren kexak; nabarmen egin dute gora, bereziki EITBri lotutakoak. Hori dela eta, gutuna igorri dio Behatokiak EITBri.

    Erdara hutsezko adierazpenak

    Hain zuzen ere, EITBri buruzko kexetan gehien errepikatu den salaketa honakoa da, laburbilduz: Osakidetzako eta gobernu ordezkarien adierazpenak erdara hutsean ematen dira sarri asko ETB1en, azpititulurik gabe eta luze gehienetan, baita zuzeneko konexioetan ere, eta euskarazko adierazpenak sartzerakoan, laburrak izanagatik ere, euskara maila kaskarrean izaten dira. Euskadi Irratian ere gaztelerazko presentzia areagotu dela kexatu dira zenbait herritar.

    Salaketa hauek garrantzitsuak dira, EITBren helburu eta betebeharra delako euskararen normalizazioa bultzatzea, eta herritarren informatzeko eskubidea bermatzea;  biak ala biak, bat bera ere baztertu gabe. Horregatik, ohiko prozedimenduari jarraituz, herritarren kexa horien berri eman dio Behatokiak EITBri gutun bidez, gertatutakoaren inguruko argibideak eskatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar direla gogorarazteko, legeak hala ere baitio.

    EITBren erantzuna

    Herritarren kexuen berri emateagatik eskerrak emanez erantzun zion EITBk Behatokiari 2020ko maiatzaren 5eko data duen gutunarekin. <<Testuinguru horretan [alarma egoeran], hedabide publikoen egitekoa nahitaezko zerbitzu publiko modura planteatu da, eta horren alde garrantzitsu bat da instituzioek daramaten gidaritza gizarte osoari helaraztea. Betekizun horretan, EITBk gertatzen denaren lekuko lana egiten du>>.

    Kexei erreferentzia eginez ondorengoa adierazi du EITBk: <<Behatokitik jaso diren kexa horietan esaten da ETB1en eta Euskadi Irratian gazteleraz aireratu direla EAEko osasun agintariek eman dituzten jarraibideak. Arrazoia da agintariek informazio hori gaztelaniaz eskaini dutela. Hedabide batentzat, eta halaxe da EITBrentzat, informazioak du lehentasuna. EITBk ahaleginak egiten ditu informazio osoa euskaraz eskaintzeko, deklarazioak euskaraz biltzeko. Baina osasun krisialdi honetan lidergoa duten agintariak direnak dira, eta euren hitzak bitartekaritzarik gabe eskaintzea ezinbestekoa izan da>>.

    Hala ere, <<adierazpenak gaztelera hutsean jasotzen direnean, ETBrentzat ere arazoa da, gure xedetako bat hizkuntza normalizazioa delako>>, azpimarratu du Aranburuk. <<[EITBren] Estilo Liburuak baditu adierazpenen hizkuntza-tratamendurako irizpideak. Adierazpen guztiek ez dute interes informatibo berdina, guztiok dakigun bezala, eta une honetan ezohiko garaia bizi dugu. Hala ere, hainbat kexa jaso izanak neurri batzuk ezartzera behartzen  gaitu>>.

    Honen aurrean, neurri horiek zehaztu eta lehenbailehen hartzeko gonbita egiten dio Behatokiak EITBri. Izan ere, <<informazioak lehentasuna izateak, tokiko hizkuntzan informatuak izateko eskubidea bermatzea ere barnebiltzen du. Informazio horren gertutasuna eta herritarrekiko segurtasun eta ongizatearen alde egitea ere baita hizkuntza-eskubideak bermatzea>>, zehaztu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. Horregatik, EITBri ere badagokio euskarazko adierazpenak aktiboki eskatzea, alde batetik, eta adierazpenak gazteleraz direnean ere, tratamendu egokia ziurtatzea, hizkuntza eskubideak alboratu gabe. <<Nazioarteko agintarien adierazpenak itzultzen badira edo neurrian erabili, zergatik ez beste hainbeste egin Euskal Herriko agintarien gaztelerazko eta frantsesezko adierazpenekin?>>.

    Gainera, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak ere Estatuko hizkuntza ofiziala  ez den beste hizkuntzetan ere koronabirusaren inguruko informazioa eta jarraibideak igortzea oso garrantzitsua dela adierazi du,  <<eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizatea>> jokoan dagoelako. Hortaz, hizkuntza eskubideak eta informazioaren lehentasuna uztartzea eta bermatzea ongizatearen  eta segurtasunaren alde egitea ere badela azpimarratu nahi du Behatokiak, Europako Kontseiluak nola; baita EITB bezalako hedabide publikoaren kasuan ere.

    Herritarrak giltzarri

    Alarma egoeran bizi ditugun urraketen aurrean, herritarren ahalegin eta eragiletza eskertu nahi du Behatokiak, euren ekinari esker azaleratzen direlako urraketak. Horretarako, herritarrek Behatokiaren Euskararen telefonoa eta Akuilari tresnak eskuragarri dituztela gogorarazi du Gaubekak, eta dei egin die eskubideen urraketen aurrean irmo jokatu eta tresna horiek erabili ditzaten.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak