• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2017, apirilak 5

    Baduzu, euskal kontsumitzaileen kluba aurkeztu dute gaur Donostiako Zergatik dendan Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko Rober Gutierrez zuzendariak eta Zergatikeko diseinatzaile Ianire Soraluzek.

    Kontsumitzaileei begirako ekimena da gaur aurkeztu dena. “Kontsumitzaileon ahalduntzea bilatzen dugu. Funtsean euskaraz kontsumitzeko aukera areagotzea eta euskaraz kontsumitu nahi dugunon arteko sarea edo kluba eratzea bultzatu nahi da” aipatu du Paul Bilbaok. Gaur aurkeztutako aplikazioarekin eta herrietako kontsumo taldeekin egin nahi da hori.

    Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu da www.baduzu.eus webgunea, euskal kontsumitzaileen kluba deitu duguna. Izan ere, bakoitzak bere eremuan, euskararen normalizazioa dugu helburu hiru erakundeok eta, bide horretan, Baduzu alor sozio-ekonomikoan eragiteko xedez sortutako tresna da.

    Baduzuren helburuak euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea da; hau da, euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea. Horrekin batera, herritarrak sentsibilizatu nahi dira, euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela agerian utziz; finean, euskara kontsumo irizpidedun edo kriteriodunaren ezaugarri dela.

    Baduzu aplikazioa herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko Akuilari aplikazioarekin elkar lotuta egongo da. Hau da, “Akuilariren bidez  establezimendu batek kexa edo zoriona jasotzen duenean, informazio hori, establezimendu horrek eskaini duen aukera edo traba, Baduzun agertuko da; horrela erabiltzaileak zerbitzua euskaraz eskaintzen duen merkataritza-establezimenduen gaineko informazioa izango du eta euskaraz kontsumitzeko bidea erraztuko dio”. 

    Zer topatuko du kontsumitzaileak www.baduzu.eus webgunean?Bada Euskal Herriko 4.000 establezimendutik gora, beren euskara mailaren arabera sailkatuta. Bai Euskarari Ziurtagiria duten establezimendu guztiak bertan daude. Herritarrek establezimendu berriak ere gehitu ditzakete, baita daudenak baloratu ere. Direktorio horrez gain, foro bat dago ekarpenak egin eta kontsumitzaileak harremanetan jarri ahal izateko. Establezimenduak baloratu, berriak gehitu eta foroan parte hartu ahal izateko erregistratu egin behar da.

     

EUSKARAREN TELEFONOA

Banerrak