Behatokiak nafarren hizkuntza-eskubideen urraketen berri eman du Parlamentuan

2013-10-01

Card image cap

Hizkuntz Eskubideen Behatokia gaur Nafarroako Parlamentuan izan da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Batzordeko lan-saioan parte hartu du 2012 urteko txostenaren emaitzak aurkezteko, Aralar-Nafarroa Bai eta Bildu Nafarroa taldeek eskatuta.

Behatokiak Euskararen Telefonoaren bidez herritarrei urratzen zaizkien hizkuntza-eskubideen berri izaten du. Informazio hori guztiarekin urtero diagnosia egiten du eta instituzio eta eragileei horren berri ematen die. Nafarroako Legebiltzarrean ere, horren berri emateko aukera izan du, hain zuzen ere, nafarren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa dela berriro salatzeko.

Bileran Behatokiko Garbiñe Petriatik eta Arantza Haranburuk 2012an herritarrek helarazitako bizipenetan oinarritutako egoera eta ondorioen berri eman dute.

Behatokiaren azpimarratutakoaren arabera, tamalez, beste urte batez, nafar euskaldunekiko hizkuntza-diskriminazioa agerian geratu da. "2012an kudeatutako espedienteei erreparatuz ez dugu inolako zantzurik ikusi hizkuntza-eskubideen bermerako politikan". "Euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen kronika izan da 2012 urtea"

Hamabi urtez hizkuntza-eskubideen urraketa berdina azaltzen duten kasuak bideratu izana kezkatzeko elementua dela gogoratu dute Behatokiko ordezkariek. "Hizkuntza-eskubideak ez ditu bermatzen Nafarroako Gobernuak eta ohiko bihurtu du eskubide zein lege murritzen urraketa sistematikoa", azaldu du zuzendariak.

Nafarroako Foru Komunitatean, desoreka eta herritarren arteko eskubide desberdintasunak ez du aldaketarik izan 2012an eta, euskara bereganatzeko hizkuntza-eremuak ezartzen dituen banaketa administratiboak bere horretan dirau.  Nafarroan hizkuntza-eskubideak herritar zati baino ez aitortzeak, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetzeaz gain, bertako euskaldunak babes gabe uzten ditu.

Herritarrek erakusten duten kontzientzia aktiboagoak isla zuzena izan beharko luke erakundeek zein administrazioek eskubideen aitortzari eta bermeari begira abian jartzen dituzten mekanismoetan. Herritarrek euskara ikasi eta baliatzeko joera handiagoa erakutsi arren, ez zaio joera horri behar bezala erantzun.

"Horren adibide garbia bezain mingarria dugu Nafarroako hegoaldeko guraso eta familiek 2012an bizi  duten egoera. Urtean milaka kilometro egiten herri batetik bestera eta bidaia eta jantoki gastuak ordaintzen bizi diren herrian ezin dituztelako seme-alabak D ereduan matrikulatu".  Gaineratu du Garbiñe Petriatik.


Baina, Nafarroako Gobernuko departamentu guztietan urratzen dira hizkuntza-eskubideak. Jakin badaki Behatokiak egungo legeriak hainbat nafarri eskubideak aitortu ere ez dizkiela egiten. Hori larria izanik, "nola ulertu eskubide murritzak aitortzen dituen ordenamendu juridikoari kasurik ez egitea? Agerraldian zehar aurkeztutako espedienteetan, herritarren bizipenetan, ehunka kasu agertu dugu, eta gurea izebergaren tontorra besterik ez dira".

Aurrez aurreko harreran zein telefono bidezkoan euskaraz aritzean ezinezkoa suertatu zaie herritarrei askotan. Idatzizko hartu-emanari dagokionez, herritarrei helarazi informazioa, gidak, inprimakiak, e-posta bidezko mezu eta jakinarazpenak, webguneak, gutunak, liburuxkak, informazio-orriak, kartelak eta panelak, egiaztagiriak eta abar gaztelania hutsean bideratu zaizkie maiz herritarrei 2012an.

Naturaltasun osoz urra ditzakete administrazioek herritarren eskubideak. Horrela bada nafar euskaldunak oztopoak aurkitu ditu euskaraz bizitzeko, sarri askotan egin du topo urraketaren hesiarekin.

Gogoratu dute Erregio zein Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren 3. Ebaluazioaren berri eman duela Europako Ministroen Kontseiluak 2012an.  Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren azterketa ere egin du eta euskarazko komunikabideak sustatzeari begirako neurriak sumatu ditu faltan.

Hezkuntzan, berriz, ingelesa irakastereduetan nola txertatzen ari den kezka azaldu du eta ikasleak benetan euskaldunduko dituen hezkuntza ereduen alde egiteko eskatu dio. "Behatokiak egiten duen diagnosia berretsi du Europako ministroen kontseiluak". Azpimarratu du Garbiñe Petriatik.

Sektore sozio-ekonomikoa ere hizpide izan dute Behatokiko ordezkariek. "Nafarroan ez dago herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideen babeserako inongo legerik. Ondorioz, 2012an sektore honetan euskaraz aritu nahi duen herritarra erabat babes gabe jarraitu dute Nafarroan.

Horrela bada, Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntza-eskubideak urratzen direla  ikusita honako eskaera egiten diogu Nafarroako Gobernuari:

- Nafarroako euskal hiztunen komunitatearen hizkuntza-eskubideak era  egokian babestuko dituen marko juridikoa sortzea

- Herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko hizkuntza-politika aktiboa eta eraginkorra diseinatzea.

- Urte hauetan guztietan garatutako hizkuntza-politika desegokiak euskal hiztunen komunitateari eragin dion bazterkeria errekonozitzea eta kalte hori konpentsatzeko neurriak eta baliabideak inplementatzea.