• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2018, urtarrilak 17
    Desberdintasuna markatzen duten keinu txiki bezain garrantzitsuak

    Esku artean izan ditugun bi kasuk, hainbat gogoeta egiteko oinarria jarri digute egunotan Behatokian. Biak ala biak Bilbon gertatutakoak. Biak alor sozioekonomikoan gertatutakoak. Horraino antzekotasunak. Desberdintasunak ugariak. Bata, zoriona. Kexa, bestea. Lehena entitate txiki bati zuzendutakoa, entitate handi bati bigarrena.

    Horrela adierazten zuen herritarrak Bilboko zapata-denda batean berarekin izandako jokaera: “ Bilboko Goienkale kaleko 8an dagoen Calzados Bizkarguenaga dendan hasi eta buka tratua gertukoa, euskalduna... eta zapata oso onak! Eskerrik asko!”

    Honela kexatzen zen, berriz, beste herritar bat NATURGASen gertatutakoaz: “NATURGASek Bilboko Kale Nagusiko 56. zenbakian duen bulegora deitu dut 5 urtetik behin derrigorrez egin behar den galdararen ikuskaritza egiteko hitzordua aldatzeko. Telefonoa hartu didan pertsonak, gaztelaniaz hitz egin dit. Nik euskaraz dakien norbait badagoen galdetu dut eta ezetz esan dit jarrera harro eta prepotentean, NATURGASeko bulego horretan ez dagoela euskaraz dakien inor.  Amorraturik, haserre eta gutxietsita sentitu naiz. “

    Bigarren saiakera ere egin du herritar honek eta artatu duen pertsonaren tratua egokiagoa izan dela azaldu digun arren, gogaiturik kontatu digu oraingoan ere ezin izan duela zerbitzua euskaraz jaso. “Bilbon gaude, noiz arte jasan behar ditugu horrelako egoerak euskaraz bizi nahi dugunok?”

    Herritarrari emandako tratuan batetik besterako desberdintasuna nabaria izan da, ezbairik gabe, baina beste gogoeta batzuk ere uzten dizkigute kasu hauek parez pare jartzeak, lehen aipatu bezala. Herritar orok du arlo sozioekonomikoan zerbitzua bertako hizkuntzan jasotzeko eskubidea Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotzen duenez. Eta are gehiago, egoera hauek Bilbon gertatu dira, Euskal Autonomia Erkidegoan, non euskarak estatus ofiziala duen (gaztelaniarekin batera).

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza egitura handiek eta tamaina handiko enpresek, herritarrek hizkuntza-eskubideekiko betebeharrak dauzkate. Alegia, kasu honetan, NATURGASek badu euskaraz zerbitzua emateko betekizuna. Baliabideak ere, izan baditu. Zer du faltan? Besteak beste, euskaldunekiko errespetuari eta aitortzari ganoraz heltzea. Bizkarguenaga zapata dendak erakusten duen seriotasunez blaitzea. Azken honek, beharkizunik ez, baina euskaldunekiko abegitasuna, errespetua eta borondatea erakusten ditu.

    Hor, bien arteko desberdintasuna. Txikitasunetik ere lezioa handiari. Betebeharra izan gabe eta borondatez, euskaldunari zerbitzu egokia ematea jarri du helburu eta horrela bete. Gertutasuna emanez, zerbitzu ona emanez, bezeroari nahi duen (eskubidea duen) hizkuntzan zerbitzua emanez.

EUSKARAREN TELEFONOA

Banerrak