• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2018, otsailak 20

    Azken asteotan sekulako oihartzuna izan dute euskal komunitateak jasotako hainbat erasok (EAEko lanpostu publikoen eskaintza, Ciudadanosen lege proposamena, futbol partida batean euskaraz hitz egitea debekatzea, e.a.). Zoritxarrez horrelako urraketak egunero gertatzen zaizkio euskal herritarrari, eta saminez, tristeziaz eta amorruz bizi ditu horrelako egoerak. Horiek iraultzeko bide bakarra ahalduntzea da; hizkuntza-eskubideak gure oinarrizko eskubideak direla argi izan eta edonon eta edonoren aurrean aldarrikatzea.

    Euskaraz bizitzea gure eskubidea delako

    Hedabide eta sareek azpimarra jarri dute azken asteotan euskaldunoi euskaraz bizitzea eragozten diguten hainbat berritan (EAEko 340 lanpostu publikoren lan eskaintza, Ciudadanosen hizkuntza koofizialen lege proposamena, futbol epaile batek jokalariei euskaraz hitz egitea debekatu izana, Iruñean erizaintza euskaraz ezin ikasi ahal izatea, Googlek euskarazko iragarkiak eragoztea, euskaraz egindako hitz hartzeak Uztaritzeko herriko etxean sortutako eztabaida...), baina zurrunbilo horretatik at badira euskal hiztunari egiten zaizkion hainbat eta hainbat urraketa: medikuarengana joaten denean, energia hornitzailearen deia jasotzen duenean, trena edo autobusa hartzen duenean, erosketak egiten dituenean, lagunekin poteatzera ateratzen denean, filme ba ikustera joaten denean... Eta horiek guztiek atsekabe, amorru, inpotentzia, tristezia eta samin sentipen sakonak eragiten dizkiote euskaraz normaltasunez bizi nahi duen herritarrari.

    Duela gutti, esaterako, Nafarroako bi herritarrek atsekabetuta jo zuten Behatokira euren seme-alaben nortasun agiria eta pasaportea egitera joan zirenean aurkeztutako euskarazko agiriak onartu ez zizkietela salatuz: “Alaba txikiarekin Iruñeko DNI bulegora joan eta Altsasuko Bake Epaitegian emandako jaiotze-ziurtagiri literalak ez duela balio esan digute. Haurraren NANa ez egiteaz gain, amorratuta atera gara; baztertuta sentitu gara, bigarren mailako herritar”.

    “Oporretara joan behar genuela eta, pasaportea atera nahi izan diogu gure 3 urteko haurrari. Donostian eman zizkiguten paperak euskaraz zeuden soilik eta ez dizkigute onartu nahi izan. Egokitu zaigun funtzionarioa izugarri desatsegina izan da eta harro esan digu: Ez nago euskara jakitera behartuta, zoaz berriro erregistrora eta eskatu ele bietan. Haserre bizian jarri naiz” jakinarazi digu bigarren herritarrak.

    Akuilari aplikazioan ikusgai diren molde horretako hainbat kexa jasotzen dugu egunero gurean, bizitzako hainbat esparrutan ematen direnak, eremu publiko zein pribatuan. Zer egin, ordea, urraketa horiei aurre egin eta sorrarazten diguten atsekabe eta inpotentzia sentipenei buelta emateko? Bada, oinarrizkoa litzateke kontziente izatea euskaraz bizitzea gure eskubidea dela eta horrelako urraketak ez ditugula onartu behar. Horretarako ahalduntzea da bidea, egoera horiek guztiak salatzea eta aldaketak eragiteko saiakera egitea.

    Erakunde publiko zein pribatuek bere erantzukizun eta betebeharrak dituzte. Haiek erantzukizuna, guk, eskubidea. Eurek eragindako urraketen aurrean gure eskubideak irmo aldarrikatzea da horiek guztiak gainditzeko bidea. Legeak eskubide hori aitortu edo ez, ez du eskubidea kolokan jartzen; izan ere, oinarrizko giza eskubideak dira hizkuntza-eskubideak, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu beharko lukeen gizarte baten oinarria.

    Egunkaria bortxaz itxi zutela 15 urte bete direnean, garai hartako eraso latza herritarren ahalduntze sendoa nola bilakatu zen gogoratu beharko genuke, horixe baita euskaraz bizitzea egunero gauzatzeko gakoa; elkarrekin oztopoak gainditu eta aurrera egitea. Behatokia horretarako dago, ahalegin horretan babesa eskaintzeko.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak