Gure babes osoa Berdin elkarteari!

2015-05-05

Card image cap

Osasun zerbitzuetan euskarazko arreta bermatzeko xedea duen Berdin elkartearen aurkezpena egin da berriki Durangon eta Garbiñe Petriati, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, bertan izan da abian jarritako elkarteari Behatokiaren babesa eskaintzeko.
 

Osasun zerbitzuak pazientea du ardatz eta horregatik osasun arreta herritarraren hizkuntzan eskaintzea oinarrizkoa dela azpimarratu dute Berdin elkartetik, izan ere, eurek esan bezala, hizkuntza ez baita osagarria, bete beharreko baldintza baizik.

Halere, maiz ez da zerbitzua euskaraz eskaintzen eta horregatik sortu da Berdin elkartea; osasungintzako maila guztietan zerbitzua euskaraz emanen dela bermatzeko, osasun etxean edo ospitalean, ahoz zein idatziz, eta herritarrei informazioa eta aholkularitza eskaintzeko euskaraz artatuak izateko eskubidea aldarrikatu dezaten.

Laguntza behar duenari babesa eman, informazioa eskaini eta osasun arloko profesional eta osasun zerbitzuen erabiltzaileen arteko harremanak bultzatu nahi ditu sortu berri den Berdin elkarteak.