• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2018, maiatzak 23

    Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan Euskarari buruzko foru lege berri bat egiteko Batzorde Berezian eginiko agerraldian Nafarroako hainbat herritarren testigantzen berri eman du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta egunero bizitzako alor guztietan ematen diren urraketa horiekin amaitzeko herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen euskaren lege berri baten beharra azpimarratu du.

    Herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen lege berria eskatu du Behatokiak

    Izan ere, 18/1986 Foru Legeak, Nafarroa hiru eremutan banatzen duen neurrian (euskara eremu ofizialean soilik ofiziala delarik),  herritarren zati handi bat aitortutako eskubiderik gabe, edo euskaraz jarduteko segurtasunik gabe utzi zuen, Europan beste inon ematen ez den irizpide bat ezarriz, eta herritarrei eskubideak  zonaldearen arabera aitortuz. Era horretan erakunde publikoek bermatu beharko luketen herritarren arteko berdintasun printzipioa bera hautsi zuen; hizkuntza-eskubideak oinarrizko eskubideak baitira, edonon eta edonori babestu beharrekoak.

    Behatokira egunero heltzen diren herritarren testigantzek agerian jartzen dituzte, egun indarrean dagoen legeak eskubideak bermatzeko dituen gabeziak. Eta eskubide-urraketa ez ezik, lege-urraketa ere sistematikoa izaten da lege honen babespean.

    Horiek horrela, zonifikazioak herritarren artean eragiten duen bereizkeriarekin behingoz amaitzeko, Behatokiaren ustez lege berriak honako printzipio hauek izan beharko lituzke oinarri:

    1. Euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, hizkuntza ofiziala izan beharko litzateke Nafarroa osoan, Nafarroako herritar guztiei hizkuntza-eskubide berdinak aitortuz.

    2. Hizkuntza-eskubideen aitortzak Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta haren garapen den Donostiako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa hartuko ditu  oinarri, hizkuntza-eskubideen ikuspegi indibiduala ez ezik hizkuntza komunitatearen  eskubideak ere aintzat hartuz.

    3. Eremu publikoko hizkuntza-erabileraz gain, eremu sozioekonomikokoa ere arautuko duen legea beharko genuke.

    4. Hizkuntzak gizarte kohesiorako eta bizikidetzarako ezinbesteko tresna direla aintzat hartuz, legeak euskararen ezagutza unibertsal egitea izan beharko luke xede; hau da, herritar guztiei ikasteko eskubidea eta aukera eskaintzea eta doakoa izatea.

    5. Eta printzipio horiek eta herritarren hizkuntza-eskubideen bermea ardatz hartuta, euskara berdintasun egoerara ekartzeko neurri eraginkorrak proposatu beharko lituzke lege berriak; helburu eta epe zehatzak finkatuz, beharrezko diren baliabide material eta pertsonalak hornituz, ebaluazio adierazleak zehaztuz, eta neurri zuzentzaileak aurreikusiz.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak