• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2014, urriak 7

    Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren ebaluazioa egiten duen aditu taldea Bilbon izan da eta Kontseiluarekin eta Behatokiarekin bildu da. Espainiako Estatuak Erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruzko laugarren txostena argitaratu ostean, honen azterketa (EAE eta Nafarroa) egin dute bi erakundeek eta hori adituei aurkeztu diete. Euskarak bizi duen egoeraren berri zuzenean eman diete, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotzen dituen herritarren bizipenak helaraziz.

    Herritarren bizipenetan oinarrituta eman diogu errealitatearen berri Adituen Batzordeari

    Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik bilera amaituta adierazpenak egin dituzte medioentzat. Bilbaok Madrilgo Gobernuak gai honetan duen jarrera salatu du eta ildo horretan azpimarratu du Madrilgo Gobernuak ez diela inondik inora ere erantzun Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioei, ez eta Adituen Batzordeak egindakoei ere eta “gure ustez, oso larria da kontuan hartuta eskaera hau hiru ebaluazioetan egin dela kontuan hartuta”.


    Estatu espainiarreko administrazioarekin jarraituz, Bilbaok Estatuko agintarien txostenaz zera esan du: “Esaldi batera ekar dezakegu Espainiako agintarien txostena: Ez da egia esaten”. Esan bezala, herritarren bizipenen bitartez egiaztatu ahal izan da hori eta hainbat adibide dagoela esan du Kontseiluko ordezkariak, adituei aurkeztutako txostenean jaso direnak.


    “Espainiako Estatuak, Europako Ministroen Batzordeak justizian egindako gomendioei ere ez die erantzuten; txostenean ez da agertzen epaitegietan euskaldunon eskubideak bermatuko dituzten neurririk, eta gogoratu nahiko genuke eremu honetan babes eraginkorrerako eskubidea, justizia-eskubidea eta defentsa-eskubidea ere jokoan daudela. Alde horretatik, uste dugu bai Batzorde honek, bai eta Ministroen Batzordeak ere kezka agertu duela eta oso gomendio zorrotzak egin dizkiola Gobernuari 9. artikulua behar bezala betetzeko. Horrexegatik, hain zuzen ere, ez zaigu onargarria egiten zein arinki erantzun duen Gobernuak txostenean”, esan du Bilbaok.


    Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Behatokiko zuzendariak, hezkuntza alorrean dagoen arazoa benetan potoloa dela aipatu du eta gizarteko beste esparru batzuetan duen eragina nabarmendu duela gaineratu du. Bestetik, aurreko ebaluazioetan beltzune izan da osasun-zerbitzuen alorra, baina 2012an eremu honetan behar bezalako aldaketak egiteko dei zuzena eta berezitua egin zioten administrazioari. Ildo honetan dagoen egoeraren berri eman du Petriatik; “herritarrek euskaraz jasotzen duten arreta ez da asko hobetu eta neurri eraginkorrak hartu ezean nekez bete ahal izango dute EAEko agintariek konpromisoa eta nekez bermatuko dituzte herritarrek aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideak”.


    Nafarroari dagokionez, hezkuntzan ere arazoa larria dela aipatu du Petriatik. Bestetik, EITBko aferari irtenbidea eman diezaion ere gomendatzen dio. “EAErekin lankidetzan, euskarazko telebista bultzatzeko eskatu zion Nafarroako Administrazioari. Bada, Nafarroako Gobernuak ez du orain arte inolako urratsik eman, ezta borondaterik azaldu ere.  Are gehiago, gomendioak aurrera egin baino atzerakada nozitu du, 2009an Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Nafarroan ETBko kanalak hartzeko izenpetu zuten Lankidetza Protokoloa hautsi egin baitzuen 2013an Nafarroako Gobernuak”.


    Euskalerria irratiari jarduteko lizentziarik ez ematea “berrikusi” behar zuela esaten zion 2012an Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak Nafarroako Gobernuari. Estatuaren IV. ebaluazio txostenean gomendio hau bertan behera uzteko erregutzen dio, inongo lotsarik gabe, Nafarroako Gobernuak Europako Kontseiluari “Nafarroako araudiarekin, zein estatukoarekin eta Europakoarekin bat ez datorrelako”.  Nafarroako Gobernuak ez du luze jotzen ari den auzia konpondu nahi. Gobernua modu arbitrario, sektario eta ilegalean jokatzen ari da Petriatiren esanetan.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.

EUSKARAREN TELEFONOA

Banerrak