Interneten ere euskaraz bizi nahi dugu

2018-02-15

Card image cap

Azken hamarkadetan lagun askoren eginahalari esker, interneten euskaraz aritzea ohitura bilakatu den arren, sarean erraldoi diren Google, Amazon, TripAdvisor eta moldeko beste hainbat enpresek oztopoak jartzen dizkiote oraindik ere euskal erabiltzaileari. Behatokira zuzendutako herritarrek amorrua eta inpotentzia sentitzen dute euskaraz aritzeko aukera ukatzen zaienean, baina ez daude etsitzeko prest.

Euskara bezalako hizkuntza gutxiagotu bat interneten presentzia izateak duen garrantziaz ohartuta, azken urteotan ehundaka lagunek ahalegin handiak egin dituzte euskaraz nabigatzeko aukera eskaini eta sarean erabiltzen ahal diren zerbitzuak gure hizkuntzan eskuragai jartzeko.

Horiei guztiei eta egunero interneten euskara normaltasunez erabiltzen duten herritarrei esker, sareko euskal komunitatea sendotzen joan da eta euskaldunok gure tokia hartu dugu munduko beste hainbat hiztunen artean. Dena dela, badira oraindik ere bide horretan trabak jarri nahi dizkiguten interneteko enpresa erraldoi batzuk (Google, Amazon, Meetic, Booking, TripAdvisor), euskaldunoi euskaraz egitea eragozten digutenak.

Berriki jakin dugunez, esaterako, Googlek ez ditu jada euskarazko iragarkiak onartzen. Lorea Arakistain PuntuEUS Fundazioko Komunikazio Arduradunak sarean partekatu du bere haserrea eta ezinegona, “Google eta bion artekoa harreman toxiko baten modukoa da. Azaroan idatzi zidaten 3 iragarki blokeatu zituztela esateko. Maila indibidualen aspaldi izango nituzke kitatuak harekikoak, baina ez dut uste pikutara bidaltzeko indar posiziorik dudanik, zapalkuntza ez delako niganakoa, euskaldunon kontrakoa baizik”.

Arakistainen esanetan, Googlek euskarazko iragarkiak ez onartzea ez da anekdotikoa: "Euskaraz ezin dira iragarkiak jarri, baina gaztelaniaz eta frantsesez badago aukera. Beraz, honen aurrean bi aukera ditugu; iragarkirik ez jarri -gure lehiakideen mesedetan-, edo iragarkiak erdaretan jarri -gaztelaniaren eta frantsesaren mesedetan-”.

Amazonek ere erabiltzaile euskaldunak dituen arren, iruzkinak euskaraz egitea eragozten du, Behatokira zuzendutako beste herritar sumindu batek adierazi digun moduan: “Erosketa egin osteko balorazioa euskaraz egin dut, baina Amazonek jakinarazi dit ez dutela publikatuko euskaraz egoteagatik. Haserretu egin naiz”.

Pertsonen arteko hartuemanak errazteko sortutako Meetic zerbitzuak ere kale egiten die euskaldunei. “Nire harreman esparrua zabaldu asmoz Meetic Españako bezero izaten saiatzen ari naiz. Nire buruaren aurkezpena lau hizkuntzetan egin dut: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa. Meetic-ek beste hiru hizkuntzak onesten ditu, baina erabat maite dudan euskara etengabe errefusatzen du. Aurkezpenean euskara ere erabiltzen badut testu osoa ezabatzen dute, nahiz eta testuan ez dagoen ezer gaitzesgarririk. Euskalduna naiz eta euskara erabili nahi dut, besterik ez. Sarri egin diot erreklamazioa Meetic Españari, baina atsekabea sentitzen dut erantzuteko denborarik ere ez dutelako hartu. Profilean euskara erabiltzea galarazten badit ez dut Meetic-eko bezero izan nahi”.

Booking eta TripAdvisor atari ezagunekin beste hainbeste gertatzen da,  herritarrek jakinarazi digutenez: “TripAdvisor ez da euskaldunentzat, izan ere webguneak ez baititu euskaraz idatzitako iruzkinak argitaratzen. Guztira 27 hizkuntza onartzen ditu atariak, baina euskara ez dago horien artean. Zergatik? Amorrua ematen dit!”.

Eta Booking zerbitzuak ere entzungor egiten die euskal erabiltzaileen eskakizunei: “Booking kudeatzailearekin behin baino gehiagotan egin dut lan. Telefonoz zein idatziz eskatu diet euren zerbitzuak euskaraz ere eskaintzeko euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetzearren, baina nekez; ez dut ezer lortu. Zergatik baztertzen gaituzte?”.

Herritarrek frustrazio eta amorru handiz bizi dituzten egoera hauek guztiak ikusita, zaila da sinistea teknologian adituak diren eta horrenbeste baliabide dituzten enpresa erraldoi hauek euskaldunoi kalitatezko zerbitzu bat emateko aukerarik ez izatea. Bere erabiltzaileak benetan kontuan hartu nahi badituzte, arazo tekniko horiek moldatu beharko lituzkete euskaldunei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko. Izan ere, erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatzea baita zerbitzu on baten giltzarria.