Iruñeko Udalak 105 lanposturi baino gehiagori kenduko dio euskara ezagutzeko derrigortasuna

2019-12-20

Udal gobernua, bata bestearen atzetik, euskararen inguruan hartzen ari den neurri atzerakoiek, Iruñeko herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen eta kaltetzen segitzen dutela salatu du Iruñeko Euskalgintzak

Iruñeko Udalaren osoko bilkuran ostiralean onartuko diren 2020ko plantilla organikoaren aldaketen aurrean, Iruñeko Euskalgintzatik ondorengoak helarazi nahi ditugu:

Gogor salatu nahi dugu udal gobernu honek euskararen kontra hartu duen jarrera. Bata bestearen atzetik, neurri atzerakoiak eta Iruñeko herritarron hizkuntza eskubideen urraketetan oinarritutakoak baino ez dituzte hartu, euskal kultura eta hizkuntza herritarren artean suspertzeko udal honek duen betebeharrari muzin egiten dioten neurriak.
Pirritx eta Porrotxen emanaldia bertan behera uzteko erabakia hartu zuten, Iruñeko euskararen ordenantza goitik behera hustu zuten eta oraingoan udaleko plantilla organikoan onartuko dituzten aldaketek ere bide berdina daramate.


Izan ere, 105 lanpostu baino gehiagotan euskararen eskakizuna desagerraraziko dute, herritarrei eman beharreko zerbitzuaren kaltetan. Gogora dezagun behin ta berriz aipatzen duguna, udal hau emandako zerbitzuetan herritarren eskubideak bermatzeaz arduratu behar da eta horretan oinarritu behar du bere jarduna eta hartzen dituen erabakiak, eta ez, lanpostu horietara aurkezten direnen euskara ulertu eta erabiltzeko ezintasunen arabera.
IRUZUR HUTSA DA  EUSKARA MEREZIMENDU BEZALA EZARTZEA AUKERA BERDINTASUNAREN KONTRA DOALA ESATEA. Euskara edonork ikasi eta erabil dezake, beraz, eskakizun hori herritarrei zerbitzu egoki bat eskaintzera bideratutakoa izan behar da. Herritarrak zerbitzua jasotzeko eskubidea izan behar du, nahi duen Iruñeko hizkuntza erabiliz, zuzenean, era integralean (ahozko zerbitzua zein bestelako txosten, dokumentu…) eta inongo oztopo, denbora galtze zein bestelako trabarik jasan gabe. Ezin da enplegu publikorako sarbidean euskara kendu, herritarrek beraien hizkuntza eskubideei muzin egitearen truke.


Lotsagarria da herritarren eskubideak bermatzearen alde daudela esanez ahoa betetzen zaienek azkenaldian hartzen dituzten erabakietan erreparatzea. NA+-k proposatzen dituen euskaldunen kontrako neurri guztiak onartzen dituzte eta bide ematen ari dira udal honetan eskuinak irekitako estrategia euskarafobikoei.


Honen guztiaren harira, pasaden astean Europako Kontseiluko adituen batzordeak egindako txostenean, Nafarroan egun euskararen ezagutza duten lanpostuak ez direla nahikoa jasotzen zuen. Estrasburgotik herritarren eskubideak bermatzeko beharrezkoa denari erreparatzen diote eta udal honetako lan-postuetan euskararen ezagutza duten gero eta lan-postu gutxiago egoteak talka egiten du erabat Eskualde edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren printzipioekin.


Ostiraleko osoko bilkuran hartutako erabakiak ez direla azkenak izango badakigu, eta erabakiz erabaki, Udal gobernu honek herritarren parte bat kontuan ez izateko neurri gehiago hartzea espero dugu. Lanpostuen hizkuntza eskakizunen aldaketetatik eratorritakoez gain, erabat larritzen gaituzte haur-eskoletan eman daitezkeen aldaketek, adibidez. Beraz, gaurkoan gure mezua norantza bikoa da: Batetik, udal honetan erabakiak hartzen dituzten alderdiei erantzukizunez jardun eta herritarrei eman beharreko zerbitzuaren kalitatearen alde egin dezaten eskatzeko, eta bestetik, Iruñeko herritarrei eraso hauen guztien aurrean mobilizaziorako eta antolatzeko deia egiteko.


Euskaraz bizitzea da Iruñeko herritar askoren hautua eta tinko mantenduko gara gure eskubideen defentsan.
Iruñean, 2019ko abenduaren 19an
IRUÑEKO EUSKALGINTZA