Itzulpenak atzerriko hizkuntzan bai, baina euskaraz ez

2018-11-14

Card image cap

Bizkaiako Ostalaritzako Elkarteak kexa jaso zuen eskaintzen duten menuen itzulpengitza zerbitzuak ez duelako euskara zerbitzurik eskaintzen. Jatorrizkoa euskaraz ez eta itzulpena ere ez, euskaldunontzat menurik ez. Atzerriko turistei begira egindako beste ekimen bat, bertakoa ahaztuz.

Hiritar batek kexa bidali zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokira Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak martxan jarri duen itzulpen zerbitzu berriak ez dituelako ostalaritzako kartak eta menuak euskaratzen. Zerbitzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren laguntzarekin, ostalariek beren kartak eta menuak itzultzeko aukera dute. Hiritarrak dioenaren arabera, ingelesera, frantsesera eta alemanierara itzuli daitezke kartak eta menuak. Atzerriko hizkuntzetara bai, beraz, baina euskarara ez. Ondorioz, "euskaldunok bigarren mailako herritarrak izaten jarraituko dugu", adierazi du hiritarrak eta gaineratu du "antza ez dugu merezi kartak eta menuak gure hizkuntzan izaterik, turistek hiru hizkuntza horietan izango dituzten bitartean".

Bizkaiko Ostalari Elkarteak argudiatu du zerbitzu hori Eusko Jaularitzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailarekin batera egindako akordioz bultzatu zela eta horien profila atzerritarra izanik, atzerriko hizkuntza horietara egiten direla itzulpenak.

Azaldu dute kolaborazio hitzarmena gauzatu zenean, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak zerbitzua euskaratzearen aldeko proposamena egin zuela, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuela aintzat hartu. Egoera honen aurrean, atzerriko hizkuntzetarako itzultzea debalde den bitartean, euskarazko itzulpen zerbitzua ordaindu egin behar da "prezio berezi batean".