Norberaren herrian D ereduan ikasteko eskubidea

2013-05-20

Beren seme-alabak herriko eskolan D ereduan ezin dituztela matrikulatu salatu dute gaur Murgiako hainbat gurasok Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eskutik. Behatokiko zuzendari den Garbiñe Petriatik azaldu duenez "onartezina da hiru hamarkada ondoren, Araban, norberaren herrian D ereduan ikasteko eskubidea urratzea, guraso batzuek beren seme-alabak beren herrian D ereduan ezin matrikulatzea". Arazoa ez da berria, hainbat urtetan beren seme-alabek D ereduan ikastea nahi zuten gurasoek haurrak errepidean jarri behar izan dituzte, 7 kilometrora dagoen Izarrara bidaliz. "Egunero 7 kilometro joan eta 7 kilometro etorri, zergatik eta beren herrian B eredua soilik eskaintzen delako" azaldu du Petriatik

Guraso hauek pairatzen ari diren eskubide urraketa ezagutzera emateko bideo labur bat prestatu dute eta bide batez, antzeko egoera bizitzen ari diren herritarrei Behatokiarekin harremanetan jartzeko eskaera luzatu. Bideoa Behatokiaren Duintasun bideak atarian ikus daiteke:

http://vimeopro.com/duintasun/bideak/

Gurasoek beraiek azaldu dutenez, hainbeste urte ondoren, 2013 urtean, ulergaitza egiten zaie haurrak beren herrian, beren herriko eskolan, D ereduan matrikulatu ezina. Natxo Ruiz-ek (gurasoetako batek) adierazi duenez, mundu guztiak bezala, beraiek ere beren seme-alabentzat hoberena nahi dute eta ondorioz D ereduan matrikulatu nahi dituzte.

"Hori oso argi dugu, izan ere, gauza jakina da euskara (eta gaztelania) behar bezala ikastea bermatzen duen irakasteredu bakarra D eredua dela" azaldu du Ruiz-ek eta segidan ondorengoa gaineratu: "gure kasuan, guk gure semea eukalduna izan dadin nahi dugu, euskarak ateak irekiko dizkiola badakigulako, euskara jakinda lana eskuratzeko aukera gehiago izango dituelako, Euskal Herrian bizi eta lan egiteko aukera gehiago izango dituelako".

Ildo beretik zera adierazi du Natxo Ruizek: "nik ez dut nahi nire seme-alabak lanik gabe gera daitezen euskara ongi ez dakielako. Nik nire seme-alabak hemen nahi ditut, hemen gera daitezen, hemen lan egin dezaten nahi dut eta hori bermatzen duena euskara jakitea da. Nik nire seme-alabak hemengo gizartean integratuak nahi ditut; etorkizuna euskaraz dator eta argi dut bazterketa soziala ekiditeko bidea euskara jakitea dela".

Azaldu duenez, urte hasieran, beren 2 urteko txikia lehen aldiz eskolatu behar zutela eta, Murgiako Virgen de Oro eskolara joan zinen matrikula egitera. Matrikula egiteko beharrezkoa zen dokumentazioa eraman zuten eta han bertan azaldu zioten zuzendariari beren lehenengo aukera D eredua zela. "Gure harridurarako Murgiako eskolan ez zegoela gure semearentzat nahi genuen eredua hautatzerik erantzun ziguten, gure semeak ezin zuela bere herrian D ereduan ikasi" azaldu du Ruiz-ek.

"Zuzendariak lehenengo unetik azaldu zigunez, gure semeak D ereduan ikas dezan nahi badugu Izarrara joan beharko du. Izarrara, gure herritik 7 kilometrora. Bi urteko haurra goizero-goizero 7 km joan eta 7 km etorri, zergatik? eta gure herrian D ereduan ikasteko eskubidea ukatzen zaigulako. Ez dugu ulertzen..." bukatu du Natxo Ruiz-ek.

Egoera horretan, beren hizkuntza-eskubideen urraketa pairatzen ari zirela iritzita, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuten laguntza eske eta gaur beraien eskutik eman dute egoeraren berri.

Ildo beretik, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik azaldu duenez, "euskara jakitea bertan lan egin eta bizitzeko bidea ere bada, integrazio eta elkarbizitzarako bitartekoa eta gaur egun, euskara ikasteko, euskara jakiteko berme bakarra D ereduan ikastea da. Are gehiago, euskara normalizatu nahi badugu herritar euskaldunak hemen gera daitezen behar dugu, langile euskaldunak behar ditugu, mediku, dendari, abokatu, administrari...  euskaldunak".

Behatokiak otsailean jaso zuen egoera honen berri eta berehala hasi ziren lanean, informazio bila, D eredua herrian bertan ez eskaintzearen zergatien bila... "eta ohartu gara ez dagoela inolako arrazoirik lehen aldiz eskolan hasten diren Haur Hezkuntzako lehen mailako haur horiek D ereduan has daitezen" adierazi du Petriatik. Ondorioz, beren eskaera oso zehatza eta eskuragarria da: Murgian bertan D ereduan ikasteko matrikulatzen diren Haur Hezkuntzako lehen mailako ikasle horiei eskubidea bermatzea, alegia, ikasle horiek irailean Murgian bertan D ereduan ikasten hastea.

"Hori lortzeko jada hitzordua eskatu diegu Hezkuntza saileko arduradunei, Arartekoari zein Elebideko ordezkariei. Beren erantzunaren arabera ez dugu baztertzen Legebiltzarrera ere jotzeko aukera" gaineratu du Behatokiko zuzendariak.

Aipatutako bilera horiek egin ahala eta eskuratzen dituzten erantzunen arabera berriz ere hedabideen aurrean agertuko direla adieraziz amaitu dute agerraldia.

Norberaren herrian eskubide osoz from Duintasun bideak on Vimeo.