Nork zainduko ditu herritarren hizkuntza-eskubideak?

2019-01-29

Card image cap

Kasu hauek bakanak direla pentsa lezake batek baino gehiagok. Gaitzerdi hala balitz. Baina Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako testigantzek horrelako egoerak uste baino ohikoagoak direla erakusten dute.

Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik pertsona bat identifikatu zuen Ertzaintzak Donostian 2018ko maiatzean. Gertaera horregatik kexa bidali zuen Behatokiak Eusko Jaurlaritzako Barne Sailera eta honek emandako erantzunean aitortzen zuen ez zela errespetatu herritarraren eskubidea, agenteekin harremanak euskaraz izateko eskubidea, alegia. Halaber jakinarazi zuen jardueran esku hartu zuten ertzainei eta aginte-koadroari jardunbide egokia zein den jakinarazi zitzaiela. Berariaz eskatu zuten herritarrari barkamena eskatzeko.

Barkamena barkamen, hara non, 600€ko isuna jaso duen orain Donostiako herritarrak gaztelania hutsean. Zauriaren gainean pikoa.

Honek, 2018ko udan Bilboko udaltzainekin gertatutakoa ekarri digu gogora. Udaltzain batek identifikatzeko eskatu zion Arkaitz Zarragari, honek udaltzainari euskaraz egiteko eskatu eta eztabiada izan zuen agentearekin. Gertakaria salatu egin zuen Arkaitzek eta udalaren erantzun gogorra jaso zuen. Handik eta hilabete batzuetara 900€ eskatu zizkioten udaltzain bati euskaraz hitz egiteko eskubidea zeukala esateagatik.

Gauzak horrela, zer segurtasun juridiko du euskaldunak autoritatearen aurrean euskaraz jardun ahal izateko? Nork zainduko ditu herritarren hizkuntza-eskubideak?

Kasu hauek bakanak direla pentsa lezake baten batek baino gehiagok. Gaitzerdi hala balitz. Baina Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako testigantzek herritarrek bizitako egeora deseroso eta bidegabeak uste baino ohikoagoak direla erakusten dute.

Hemendik herritarren ekina eskertu nahi dugu. Horrekin batera herritarrek hizkuntza dela eta pairatzen dituzten tratu zakar eta bidegabeak errotik ezabatzea eskatzen diegu Segurtasun kidegoetako agenteei eta hauen aginte-postuetan daudenei.