Apirileko aipagarriak

2024-05-02

Card image cap

2024ko apirilean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa

URRAKETAK:

» EHUren Giza Zientzien Unibertsitate Titulua soilik gaztelaniaz egiteko aukera dagoela salatu dute ikasleek.

» Kanboko Arnaga Etxeko museoko informazioa eta webgunea ezin dira euskaraz kontsultatu.

» Nafarroako hainbat udalek ez dute euskara kontuan hartu, ezta merezimendu gisa ere, apirileko deialdi publikoetan.

» Osatekek egindako egonkortze deialdietako azterketetan informazio guztia, azalpenak zein oharrak gaztelania hutsean eman ziren.

» Euskal Herriko Itzulia dela eta, Kanboko herriko etxeak euskarari ez diola tokirik eman salatu dute.

» Zangozako Udaleko alkatetzak ez du onartu herritar batek idatzitako prozedura euskaraz egoteagatik.

» Nafarroako Eskubide Sozialetako Departamentuak antolatutako jardunaldiak gaztelania hutsean dira.

» Eusko Jaurlaritzak sistema eragilea osotasunean euskaraz ezarri gabe duela salatu dute.

» Lanbide Heziketan modulu batzuk gaztelaniaz egiteko aukera baino ez dagoela salatu dute.

» Nafarroako 012 zerbitzutik gaztelania hutsean bidaltzen zaizkie herritarrei mezuak.

» EAEko erakunde publikoen webgune ezberdinetan oraindik gaztelaniazko mezuak agertzen zaizkie hainbatetan erabiltzaileei.

» EAEko hauteskunde prozesuan hainbat herritarrek gutunak gaztelania hutsean jaso zituzten.

» Antsoaingo Udaleko lan deialdiak euskararen ezagutza kontuan hartu gabe egin direla salatu dute.

» Durangoko Udalaren adimendun erosketa armairu berriak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez konfiguratuak daude, baina ez euskaraz.

» Nafarroako ospitaleetako irakurketa txokoetako jarraibideak gaztelania hutsean daude.

» Hainbat erakundek ohar, webgune zein bestelako euskarrietan euskarazko mezu traketsak erabili dituzte.

» Lizarrako Udaleko kultura teknikari eta administrari lanpostuei euskararen ezagutza nahitaezkoa kendu diete plantilla organikoan.

» Ostalaritzako hainbat negoziotan euskarazko arreta eskaini arren, informazioa, tiketak, dokumentuak, eta abar gaztelania hutsean dituzte.

» Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko lan-poltsa eratzeko deialdian ez da euskararen ezagutza kontuan hartzen.

» Metal Enpresen Bizkaiko Federazioak ikastetxeentzat antolatutako programan euskararen presentzia azalekoa soilik izan zela salatu dute.

» Euskal Herri osoko hainbat gasolindegitan oraindik mezuak gaztelania edo frantses hutsean agertzen direla salatu dute.

» Baionako aparkalekuetako gailuek euskara hautatzeko aukera ematen duten arren, tiketak frantsesez ateratzen dira.

 

ZORIONTZEAK:

» Gasteizko Zurrupa tabernari, kanpoan jarritako menua euskaraz dagoelako.

» Algortako KIZE POKE jatetxeari, zuzeneko arreta zein telefono bidezkoa euskaraz eskaintzeagatik.

» Gironako Futbol Klubari, beraien zelaiko sarreran ongi-etorri mezua euskaraz ere ezartzeagatik.

» Algortako TRIKU tabernari, egunero euskaraz egin ahal izateagatik eta informazio guztia euskaraz izateagatik.

 

LORPENAK:

» Oronak berriz txertatu du euskara Nafarroako igogailuetako pegatinetan.

» Vital Fundaziotik udalei helarazitako euskarazko mezu traketsak zuzendu dituzte.

» Kontsumobideko webgunean datuen babeserako mezua euskaraz ezarri dute.

» Itziarko zerbitzugunearen emakida duen enpresak maiatzean ezarriko ditu kartel eta seinaleak euskaraz.