Martxoko aipagarriak
2024-04-08
2024ko martxoan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK:
» Gipuzkoako Brico Depot dendako kutxa automatikoak ez daude euskaraz.
» Espainiako Gobernuaren Erregistro Zentraleko DICIREG programan euskara erabat traketsa da, eta, ondorioz, erregistroak euskaraz egiteko zailtasunak daude.
» EAEko Hezkuntza Saileko irakasle ez diren langileen sailetik zentroetara gaztelaniaz deitzen dutela salatu dute.
» Donostiako epaitegitik gaztelania hutsean jaso du herritarrak ebazpena.
» Nafarroako Gobernuaren kanpainak gaztelaniaz diseinatu eta, ostean, euskarazko itzulpen ezegokiak egiten direla salatu dute.
» Euskadiko UGTk sare sozialetan argitaratutako afixak lerroburua soilik du euskaraz, eta trakets ezarri diote.
» Nafarroako Foruzaingoko 8 lanposturako deialdian euskararen ezagutza merezimendu ere ez da izan; atzerriko hizkuntza bakoitzak, aldiz, 5 puntu balio ditu.
» Portugaleteko alkateak Emakumeen Nazioarteko Egunean ikastetxeekin antolatutako ekimenean gaztelania soilik erabili zuen.
» EAEko ikastetxeetako gurasoen bilera batzuetan gaztelania hutsa erabiltzen jarraitzen dute.
» Nafarroako Museoan ez dute euskarazko arreta bermatzen.
» Ehiza armen baimena lortzeko nortasun-testa ez dago euskaraz homologatuta.
» Leioako Eroski hipermerkatuan euskararekiko begirune gutxi dagoela salatu dute.
» Usurbilgo Correos-en gaztelaniaz egiteko eskatzen diete herritarrei.
» Euskal Argia eta Gasa konpainian, bezeroak euskaraz artatua izan nahi duela adierazi arren, hurrengo egunera arte ezingo dutela euskaraz artatu erantzun diote gaztelaniaz.
» Eusko Jaurlaritzan galdera egin du herritarrak euskaraz, eta gaztelaniaz erantzun diote.
» Iruñeko Udalaren Emakumeen Etxeak antolatutako 45 jardueretatik 3tan soilik izan du euskarak nolabaiteko presentzia (gaztelania-euskara jarduera elebidunak).
» Kontsumobideren webgunean kontsulta aurkezteko produktu- edo zerbitzu-motak gaztelaniaz baino ez dira azaltzen, euskara aukeratua izan arren.
» Bilboko udaltzain batek herritarra gaztelaniaz egitera behartu nahi izan du: “Quiero que hable conmigo y en castellano”.
» Erandioko Udalak hondakinak jasotzeko egutegia gaztelania hutsean banatu du.
» Osakidetzaren zerbitzuak kudeatzen dituen Ambulancias Gipuzkoak ez du euskarazko arreta bermatzen.
ZORIONTZEAK:
» Iruñeko Toki Eder tabernari, euskaraz artatzeagatik eta bezero guztiak euskaraz agurtzeagatik.
» Barakaldoko Bolsos Azkona dendari, euskaraz artatzeagatik eta euskaraz erosteagatik eskerrak eman dizkiolako bezeroari.
» Izarpe kanpinari, euskarazko arreta eskaini eta karta euskaraz izateagatik.
» Antsoaingo El Txarko tabernari, euskaraz artatzeagatik.
LORPENAK:
» Osakidetzako profesionalentzako “Ospitalean aldi baterako ezintasuna preskribatzea” izeneko ikastaroa euskaraz eskainiko da.
» Iruñeko hizkuntza eskolako web-orrian matrikulazioa euskaraz egin ahal izateko neurriak hartuko dira.
» Kutxabank-ek bulegoetan ezarritako gaztelaniazko hainbat ohar aldatu ditu.
» Gipuzkoako Foru Aldundiak Telegram kanaleko mezuetan zuzenketak egin eta euskarari lehentasuna emango dio.
» Osakidetzak neurriak hartu ditu Arabako ESIan profesionalei jakinarazteko herritarrei euskarazko informazio eta dokumentazioa bermatu behar zaiela.
» EAEko hauteskunde mahaitik helarazitako gaztelaniazko mezua zuzendu eta dokumentua ele bitan helarazi zaio herritarrari.