Urtarrileko aipagarrienak

2024-01-31

Card image cap

2024ko urtarrilean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. 

URRAKETAK:

» Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpena frantses hutsean jaso du Lapurdiko herritarrak.

» Iruñeko Itaroa merkataritza zentroan kartel eta informazio guztia gaztelaniaz dago.

» Ikerfel enpresak Eusko Jaurlaritzaren izenean egindako inkestetan hainbat herritarri ez zaie bermatu euskaraz erantzuteko eskubidea.

» Iruñeko Udalaren Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorretik agiriak euskaraz aurkezteak 15 eguneko atzerapena sortzen duela erantzun zaio herritarrari, ez baitute euskara ulertzen eta itzulpengintzara bidali behar dute.

» Iberia hegaldien enpresako webgunean ezin da euskaraz nabigatu.

» Alegiako osasun etxeko pediatria zerbitzuan ez da euskarazko arretarik eskaintzen.

» Nafarroako Unibertsitate Publikoak hainbat ikertzaile lan deialdi argitaratu ditu eta ez da euskararen ezagutza kontuan hartu (ingelesarena bai).

» Abadiñoko Burger King jatetxean gaztelania, frantsesa, ingelesa eta alemana erabili daitezke, baina bertako hizkuntza ez.

» Nafarroako Gobernuko Ogasunaren bulegoetako hainbat errotulu gaztelania hutsean daude.

» Eusko Jaurlaritzako biktimen arretarako telefono zerbitzuan gaztelaniaz egiteko eskatu diote herritar bati.

» Nafarroako liburutegien programazioan ia ez dago euskarazko ekintzarik: 36tik soilik 3 euskaraz.

» Osakidetzan euskara hautatua izan arren espezialistekin ez da euskarazko arreta bermatzen.

» Barañaingo Udalak antolatutako kirol ikastaro guztiak gaztelaniaz egin dira: 46 ikastarotik 0 euskaraz.

» Donostiako haurren danborradan La Gula del Norte enpresak eskainitako produktu eta esku-orrietan ez da euskararen presentziarik izan.

» Kontsumobidek hipoteken gastuak erreklamatzeko orria gaztelania hutsean jarri zuen herritarren eskura.

» Iruñeko Udalaren Civivox zentroetan euskarazko eskaintza oso urria da eta soilik haur txikiei bideratutakoa.

 

ZORIONTZEAK:

» Nabarreko piperren markari, etiketaren informazio guztia euskaraz eta nabarmenduta jartzeagatik.

» Iruñeko Fotoprix dendari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» Durangoko Lapur Errota jatetxeari, menua euskaraz eskaintzeagatik.

» Eibarko Elortza Botikari, arreta eta tiketa euskaraz emateagatik.

 

LORPENAK:

» Gasteizko TAO makinetan beharrezko aldaketak egin dituzte herritarrek euskara aukeratu ahal izateko.

» Bizkaibusek Loiuko aireportuko enpresa emakidadunari neurriak eskatu dizkio, eta aurrerantzean bezeroekiko komunikazio guztiak euskaraz ere izango dira.

» Galdakaoko Udalak argitaratutako liburua osorik euskaraz ere argitaratzeko neurriak hartu dituzte.

» Osakidetzak profesionalek euskaraz lan egiteko duten eskubidea hobe bermatzeko neurri gehigarriak hartzeko konpromisoa hartu du.

» Izurtzako herriko taberna euskarazko egunkaria eskaintzen hasi da bezeroei.