Nafarroako Berdintasun Planari ekarpenak egin dizkio Behatokiak, euskara ikasi eta euskaraz bizi nahi duten emakumeak behar bezala kontuan hartzea eskatuz
2021-12-01
Duela aste batzuk, Nafarroako Gobernuak emakume eta gizonen arteko berdintasunerako plan estrategikoaren proposamena aurkeztu zuen, abenduaren 2ra arte ekarpenak egiteko epea zabalik dagoelarik.
Gobernu-plana foru eta toki administrazioaren berdintasunaren arloko jarduketaren plan zuzentzaile eta orientatzailea da. 2022-2027rako berdintasunaren alorreko agenda politiko eta publikoa jasotzen du. Hortaz, hurrengo urteetarako Nafarroako Gobernuko erakunde eta departamentu ezberdinetan aplikatuko diren neurriekiko lerroa ezartzen du. Ondorioz, Nafarroako emakumeei zuzendutako hainbat neurri, zerbitzu eta baliabide jasotzen dira.
Horietan guztietan, Nafarroako emakumeen hizkuntza-eskubideen bermea txertatu beharra ere badago, izan ere, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, euskaraz bizi nahi duten emakumeek oztopo bereziak dituzte berdintasunerako estrategikoak izan daitezkeen lerro batzuetan. Horrela, horiek kontuan hartzeak, planteatzen diren neurrien eraginkortasunarekin ez ezik, emakumeen osasun eta segurtasunarekin ere lotura estua dute. Ezin genezake berdintasunean jardun, administrazioak Nafarroako emakumeen arteko desberdinkeria areagotzen duten erabaki eta neurriak zilegiztatzen baditu.
Desberdinkeria horiek gutxitzen saiatzeko asmoz, Hizkuntz Eskubideen Behatokitik hainbat ekarpen eta zuzenketa egin dizkiogu Gobernuak aurkeztutako planari. Nabarmentzekoak dira, alde batetik, euskara ikasteko baliabide nahikorik ez duten emakumeei bideratutako neurri eta baliabideak eskaintzeko azterketa bat egiteko proposamena, baita hezkuntza-sistemarako berdintasuna lantzeko sortzen diren baliabide eta informazio guztiak euskaraz ere sortuko direla bermatzeko eskaera. Bestalde, emakumeen osasunari lotutako neurri eta baliabide guztietan euskarazko arreta, informazioa eta zerbitzua ere eskainiko dela bermatzea ere eskatu dugu.
Planari ekarpenak egiteko prozesu diskriminatzailea
Aurkeztutako planaren diseinu-prozesuan hizkuntza-eskubideak behar bezala bermatu ez direla salatu nahiko dugu.
Izan ere, berdintasun legearekiko aurretiko diagnostikoa, ekarpenak egiteko dokumentua eta ardatz bakoitzari dagozkion neurri proposamenak gaztelania hutsean publikatu dira (dokumentu batzuek azaleko orria bakarrik dute elebitan, eduki osoa gaztelaniaz dago).
Bestalde, berdintasun legearen aurretiko diagnostikoan euskararen ezagutza eta erabilerari buruzko atalean aipatutakoak ez zaizkigu egokiak eta nahikoak iruditzen atal honetako beharrizanak eta oztopoak detektatzeari begira.
Azkenik, erabat deitoragarria da webgunearen euskarazko bertsioaren arabera ekarpenak egiteko epea itxita dagoela agertu, eta gaztelaniazkoa epea luzeagoa dela agertzea. Ulertezina da berdintasuna helburu duen plan baten prestakuntza berdintasunez ez jokatzea Nafarroako emakume guztiei dagokienez.
Horrek, planari berari zilegitasuna kentzen diola uste dugu, Gobernuak ez duelako benetako esfortzua egin herritar guztien parte hartzea baldintza berdinetan izan dadin.