Administrazio publikoan euskararen bazterketa betikotuko du Nafarroako Gobernuak

2025-05-07

Card image cap

Gaur, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen dituen Foru Dekretuak onartu ditu. Dekretu hauek 2024ko azaroaren 22an argitaratu zen 97/2024 Foru Dekretua –Merezimenduen Dekretua bezala ezaguna– garatzen dute, eta Nafarroako administrazio publikoan sartu eta lanpostuak betetzerako orduan hizkuntzen ezagutza merezimendu gisa baloratuko dituzten plazak zehazten dituzte.

Bertan, Nafarroako Gobernuak hizkuntzaren bat merezimendu bezala izanen duten administrazio publikoko 9.537 lanpostu ezarri ditu. Lanpostu guzti horietatik, 1.459tan euskararen ezagutza ez da merezimendu izango, atzerriko hizkuntzak (alemana, frantsesa edo ingelesa) kontuan hartuko diren bitartean. 459tan soilik izanen da euskara bakarrik merezimendu (% 4,8) eta gainerakoetan (7.619, gehienak osasungintzakoak) euskara ere merezimendu izango den arren, atzerriko hizkuntzen ezagutzarekin puntuazio berbera lortu ahal izango da. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu dute euskararekiko bazterkeriaz eta atzerriko hizkuntzen atzetik jarriaz jardun dela. Herritarren eskubideak bermatzetik eta euskararen normalizazioan aurrera egitetik oso urrun daudela iritzi dute.

«Kontuan izan behar dugu lanpostu horietako gehienak zerbitzu zentraletakoak direla eta, beraz, Nafarroa osoko herritarrei ematen dizkietela zerbitzuak, izan ere, eremu ez euskalduneko lanpostuetan euskara ez da merezimendu. Aldiz, atzerriko hizkuntzak bai» adierazi dute.

Bestalde, larritzat jo dute merezimendu horiek ezartzeko irizpide ezberdinak egotea. Alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak Nafarroa osoko lanpostuetarako kontuan hartzen diren bitartean –Europar Batasuneko hizkuntzak izateagatik–, euskararen kasuan ez da kontuan hartzen Nafarroako berezko hizkuntza izatea. Gainera, lanpostuek herritarrarekin duten zuzeneko harremanaren arabera baloratzen da, baina ez guztietan. «Nolatan izan daiteke zerbitzu zentraletan lan egiten duten erizain espezialista edo administrari batzuei ingelesa baloratzea eta euskara ez, arreta zuzena eskaintzen dutela aipatzen bada? Departamentu bakoitzean horrelako adibide ugari aurkitu genitzake» salatu dute.

Kontseiluaren eta Behatokiaren iritziz, «larritzekoa da departamentu batzuetan euskararen ezagutza duen lanpostuak oso urriak izanik, edo departamentuaren beraren izaera kontuan izanik, euskara merezimendu duten lanpostu berrien kopuru hain urria ezartzea: Hezkuntza Departamentuan hiru lanpostutan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan soilik bitan, adibidez».

Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, «dekretu honetan ezarritakoak eta merezimenduen dekretua bera, Nafarroako Gobernuaren euskararekiko hizkuntza-eskubideen aitortza ezaren adierazgarri dira. Oraindik ezin dira zerbitzuak euskaraz jaso eta euskaraz lan egin, eta, administrazioak euskaraz funtzionatzeko duen gaitasun eza nabaria da. Beraz, hizkuntza-politika atzerakoia eta neurri erabat ez nahikoak ezartzen ari dira. Eta honek guztiak hurrengo hamarkadetan ere egoera berdinean jarraitzea eragingo du».

Behatokiak bere aldetik ohartarazpena egin du: «Dekretu honetan ezarritako lanpostu gehienak osasungintzakoak direla kontuan izanik, ez dira beharrezko neurri egokiak profesionalen artean euskararen ezagutza sustatzeko. Honek talka egiten du Europako Kontseiluak Nafarroako Gobernuari behin eta berriz emandako gomendioekin, non berariaz osasungintza eta zerbitzu sozialetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea gomendatu dion».

Hau guztia, euskararen ezagutza beharrezkoa izango duten plaza berrien kopuru urriari batuta (258, % 2,7a), Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika atzerakoiaren, hiztunen arteko berdintasun ezaren eta euskararen sustapenarekiko mugen seinale da. Horrelako erabakien bitartez euskal hiztun komunitatea are eta baztertuago uzten du Nafarroako Gobernuak administrazio publikoaren aitzinean.