Altsasuko Udalak obra eta garbitasun langileei hizkuntza-eskakizuna kentzeko erabakiari alegazioa
2017-03-09
Erabakia herritarren hizkuntza-eskubideen bermean atzerapauso nabarmena izanik, gaur eguerdian aurkeztutako alegazioan obra eta garbitasun langileei hizkuntza-profila mantentzea eskatzen diogu Altsasuko Udalari.
Behatokiak, Altsasuko Udalak otsailaren 10eko osoko bilkuran obra eta garbitasun langileei hizkuntza-eskakizuna kentzea onetsi izana, herritarren hizkuntza-eskubideak urratzeko atea zabaltzea dakarrela uste du. Altsasuko Udalari atzera egin dezala eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duen betebeharra bete dezala eskatu dio.
Izan ere, udal langile horiek harreman oso estua dute egunerokoan herriko bizilagunekin: edozein obra, konponketa eta ekitaldien muntaketa, jasotze lanak eta prestaketa burutzen dute; egunero-egunero Altsasuko kaleetan jarduten dute eta ezinbestean Altsasuko herritarrekin zuzeneko hartu-emana dute. Alegia, Altsasuko kaleetan eta herritarrengandik gertu, herritarrekin harremanean edota elkar-lanean. eta, elebidunak izan ezean, herritarren hizkuntza-eskubideak urratuko baitituzte.
Kontuan hartu behar da, halaber, Altsasuko osoko bilkuran berriki hartutako erabakia (euskararen ezagutza nahitaezkoa izatetik, merezimendu kualifikatua izatera pasatzea), aurrez udalak berak ezarritako irizpidearen kontrakoa dela, eta, kontuan harturik lanpostu horien funtzioetan ez dela inongo aldaketarik egon, Behatokiak ez du erabakia arrazoizko jotzen. Gainera, espediente osoan eta proposamenean ez da inolako arrazoirik ematen eta plazaratzen hizkuntza perfilaren aldaketa proposatzeko.
Horrekin batera, 1986ko Foru Legeak aipatzen duen moduan, euskara ere bertako hizkuntza da eta ondorioz, “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea dute”. Gainera, lege berak izendatzen duen “eremu euskaldunean” (Altsasu bertan kokatua dago) euskara ofiziala da. Horrela bada, Altsasuko herritarrek udal langileekin euskara erabiltzeko eskubidea dute eta, Administrazio Publikoaren betebeharra da hori bermatzea.
Horregatik guztiagatik, lanpostu horiek esleituta duten hizkuntza-profila mantendu dezala eskatu dio Behatokiak Altsasuko Udalari, horixe baita geroz eta gehiago diren euskal hiztun altsasuarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko bidea.