Arrazakeriarik gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz, BIZI NAHI DUGU
2019-12-10
Pertsona Eskubideen Nazioarteko eguna den abenduaren 10 honetan, Euskal Herriko kolektibo ezberdinak bildu gara, ARRAZAKERIARIK GABE, FEMINISMOTIK, SEXU ANIZTASUNEAN ETA EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULA aldarrikatzeko.
Pertsona Eskubideen Nazioarteko eguna den abenduaren 10 honetan, Euskal Herriko kolektibo ezberdinak bildu gara, ARRAZAKERIARIK GABE, FEMINISMOTIK, SEXU ANIZTASUNEAN ETA EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULA aldarrikatzeko.
Izan ere, Pertsona Eskubideen aldarrikapen unibertsala onartu zela 71 urte betetzen diren honetan, aldarrikapen honetako hainbat eskubide urratzen dira egun oraindik ere. Ez dira dagozkien neurri egokiak hartzen eskubide hauek bermatzeko eta aurrerapenak eman badira ere, atzera pausoak edo babes gabe uzten gaituzten lege zaharkituen ondorioak noiznahi pairatzen ditugu.
Saltzen diguten berdintasun hutsala urraketa horiek estaltzen saiatzen da. Baina jendarte honek ez ditu oraindik barneratu Pertsona Eskubide guztien errespetua eta bermatzea maila berdinean eta era integral batean.
Eskubideen esparruko eremu ezberdinetan lan egiten dugun kolektibook, gure herria eta gure jendartea eraikitze bidean bat egiten dugu, pertsona guztiak sortzen baitira libre, jaiotzez gara berdinak duintasunean eta eskubideetan. Pertsona eskubideak denonak dira, eta eskubide horiek osagarriak, banaezinak eta elkarren mendeko direla adierazi nahi dugu. Guztionak dira pertsona eskubideak, eta eskubide horiek osagarriak, banaezinak eta elkarren mendeko dira. Pertsona Eskubideen Nazioarteko egun honetan ondorengoak aldarrikatu nahi ditugu:
-Arrazakeria gabe bizi nahi dugu. Dena delakoa gure jatorria, azalaren kolorea edo erlijioa, herri honetako parte gara. Euskal Herri solidarioa eta errefuxiatu eta migranteen alde lan egingo duena nahi dugu, arrazakeria gainditu eta pertsona guztiok herri honetan libre bizi ahal izateko eskubidearen aldeko neurriak nahi ditugu. Inor ilegala izango ez den Euskal Herri bat aldarrikatzen dugu, emakume migratzaileen injustiziei aurre egingo diena. Herri hau harrera herria bilakatu behar dugu eta horretarako arrazakerian oinarritutako ezberdintasunen aurkako neurriak behar ditugu.
Oinarrizko eskubideen defentsan, guk ere, feminismotik, sexu aniztasunean, eta euskaraz ere bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu.
-Feminismotik bizi nahi dugu. Inguruan sumatzen ditugun injustiziak elkarloturik ulertu behar ditugu: soldatapeko lan feminizatu prekarioa, ordaindu gabeko etxeko lanetan ematen ditugun jardunaldi amaigabeak, barne etxeko langileon egoera administratibo irregularra, botere guneetan dauden gizon burgesek bankaren interesak lehenesteak, naturaren desjabetzea, emakume, bollera eta transen aurkako biolentziak, epaitegietan erasotzaileak babestea eta emakume euskaldun bezala pairatzen ditugun zapalkuntzak. Gure jendartean bizitza batzuk beste batzuk baino balio handiagoa daukatela erakusten digute, pertsona batzuek besteek baino eskubide gehiago dituztela. Hierarkia horiekin amaitzea da helburua, eta saiakera horretan ari gara.
Oinarrizko eskubideen defentsan, guk ere, arrazakeria gabe, sexu aniztasunean eta euskaraz ere bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu.
-Sexu aniztasunean bizi nahi dugu. Sexu orientazioa eta genero identitatea funtsezkoak dira pertsona ororen duintasunerako eta jendetasunerako, eta ez dira behin ere bereizkeria nahiz gehiegikerietarako aitzakia bihurtu behar. Sexu orientazio eta genero identitate guztietako pertsonak gainerako guztiek merezi duten duintasun eta errespetu berberaz bizi daitezen bermatzea eta pertsona hauek behar bezala gara daitezen bermatzeko egoki diren neurri guztiak hartu behar dira, talde edo pertsona horiek pertsona eskubideak besteen baldintza beretan izango dituztela ziurtatu ahal izateko.
Oinarrizko eskubideen defentsan, guk ere, feminismotik, arrazakeria gabe eta euskaraz ere bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu.
-Euskaraz bizi nahi dugu. Euskal Herrian, oraindik ez ditugu hizkuntza eskubideak behar bezala bermatuta. Izan ere, euskararen lurraldea legeak ezarritako 5 eremuren arabera banatua dugu, non bakoitzean estatus eta babes ezberdina duen. Euskal hiztunak ez daude berdintasunean, ezin dute berdintasunez erabili beraien hizkuntza, ez administrazio publikoarekin harremanetan, ezta arlo sozioekonomikoan ere. Oztopoz gainezka aurkitzen gara gure herrian hizkuntza eskubideak egikaritzeko orduan eta nola ez, euskarak ez du gaztelania zein frantsesaren erabilerak duen lege babes berdina. Gure lurraldeetan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, pertsona guztien euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidearen aldeko neurriak eta beharrezko bultzatuz.
Oinarrizko eskubideen defentsan, guk ere, sexu aniztasunean, feminismotik eta arrazakeria gabe ere bizi nahi dugu.
Gure aniztasunak zaintzeko, aniztasunaren kudeaketa egokia egitea aldarrikatzen dugu. Zeregin hau zaintza eta enpatiatik burutu beharko da, euskara harrera hizkuntza bilakatu, gutako bakoitzaren hizkuntza maila delakoa izanda ere, komunitate linguistiko eta kultural honen parte sentitu gaitezen. Era berean, aniztasunaren errespetuaren alde, hezkuntzan beharrezko neurriak exijitzen ditugu.
Bestalde, guztiontzako euskalduntzeko baliabide publikoak, kalitatezkoak eta doakoak eskatzen ditugu. Guztion bizi baldintzen berezitasunak aintzat hartu eta horietara egokitzeko erraztasunak eskainiko dituzten baliabideak.
LGTBI kolektiboetako kideok, emakumeok, etorkinok eta guztiok euskaldun bezala pairatzen ditugun diskriminazioak, auzi kolektibo eta politikoak dira eta horiekin bukatzeko erabaki politikoak hartzea eskatzen dugu.
Guztion artean, ahalduntzea eta elkarren arteko enpatia eta kolektiboen artean zubiak eraikitzeak jendarte demokratiko eta aske baterako pausoak ekar ditzake.