Azaroko aipagarrienak
2025-12-01
2025eko azaroan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» Tolosako SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan herritar batek ezin izan du arreta euskaraz jaso.
» Iberdrolak gaztelania hutsean ezarri ditu iragarkiak Bilbon.
» Orkoiengo Udalak udal aldizkaria gaztelera hutsean banatu du.
» Nafarroako Gobernuak gaztelania hutsean bidali ditu berriz euskara sustatzeko diru-laguntzen jakinarazpenak.
» Getxoko Udalak ateratako lan deialdian 40 lanpostutatik batean soilik da nahitaezkoa euskararen ezagutza izatea.
» Bizkaiko Foru Aldundiak ez du euskararen nahitaezko ezagutzarik eskatu suhiltzaile gidari eta suhiltzaile kaboen deialdiko 11 plazatan.
» Eusko Jaurlaritzan errekurtso bat euskaraz aurkeztu zuen herritarrari ebazpena gaztelaniaz bidali diote.
» Zizur Nagusiko hainbat bide seinale ez daude euskaraz, udal ordenantzak ezartzen duena urratuz.
» Osasunbideak gaixoei ematen dizkien hainbat jarraibide ez daude euskaraz eskuragarri.
» Getxoko osasun etxean “te entiendo todo pero mejor en castellano” erantzun diote herritar bati.
» Iruñeko Udaltzaingoak sare sozialetan ia informazio guztia gaztelaniaz soilik zabaltzen du.
» Arratiako musika eskolan ordezko irakasleak ez dakiela euskaraz eta zentrotik “horrek ez duela klaseen garapen onean eraginik” erantzun diotela salatu dute.
» Correos Expresseko langile batek hurrengoan helbidea gaztelaniaz idazteko eskatu dio herritar bati.
» Corellako Udalak argitaratzen dituen jardueren programaziotik euskarazkoak baztertu direla salatu dute.
» Bidasoa Lanbide Heziketako Institutuan arreta eman dien pertsonak gaztelaniaz egiteko eskatu die herritar batzuei.
» Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Orientazioaren Bulegoan euskararen gaitasun maila egokirik ez dutela salatu dute, eta, ondorioz, mezu traketsak bidaltzen zaizkiela orientatzaileei.
» Donostiako ospitalean eta Azkoitiko osasun etxean pediatrekin gaztelaniaz aritu beharra salatu dute hainbat herritarrek.
» Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Repara kanpainaren barruan, telefono bidezko arretan erabiltzaileak euskaraz egin arren gaztelaniaz erantzuten dutela salatu dute.
» Zaintza aringarrietan dagoen pertsona bati ez zaio bermatu medikuak azalpenak euskaraz ematea.
» Biasteriko Udalean administrari laguntzaile bezala lan egiteko deialdian euskararen ezagutza ez da nahitaezkoa.
» Eroskiren bezeroen arretarako zenbakian euskaraz egiterakoan, herritarrari aipatu diote une horretan euskaraz ez baina galegoz, katalanez, ingelesez edo gaztelaniaz egiteko aukera zegoela.
» Basurtuko ospitaleko alergia pediatrikoen atalean langile bakar bat ere ez zela euskaraz hitz egiteko gai izan salatu dute.
» Erriberriko gaztelua bisitatzeko ez dago euskarazko aukerarik.
» Sarriegi Pataten produktuek gaztelaniaz eta ingelesez dute informazioa, euskaraz ez.
ZORIONTZEAK/ESKER ONAK
» Barakaldoko La Vinoteka de Loren establezimenduari, arreta euskaraz eskaintzeagatik eta euskara erakusgarri egiten saiatzeagatik.
» Sevillako Estepako El Patriarca enpresari, ikasbidaietarako polboroi kutxetan euskara ere erabiltzen duelako.
» Nafarroako CGT sindikatuari, azaroaren 25eko kartela Iruñean euskara hutsean jartzeagatik.
» Garai garagardo eta kontserba ekoizleari, etiketak euskaraz jartzeagatik.
» Berriobeitiko Kizkurra tabernari, euskaraz artatzeagatik.
LORPENAK
» Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak azterketa gidak euskaraz ere jarri ditu eskuragarri.
» Goierriko Carrefourrek jostailuen Gabonetako aldizkariaren azala euskara hutsean jarri du.
» Gipuzkoa Kirolaken webgunean sailkapen eta kategorien berriak ere euskaraz ezarri ditu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak.
Albiste gehiago
Urriko aipagarrienak
2025-11-04

