EAEko Arartekoari urteko txostenaren berri eman dio Behatokiak
2014-06-26
Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, EAEko Ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu da Gasteizen. “Behatokiak argitaratzen duen Urteko txostena herritarrek helarazitako bizipenen bidez osatutako hizkuntza-eskubideen egoeraren erradiografia erreala dela kontuan harturik, eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek ere kontuan hartu behar dutelakoan gaude” azaldu du Petriatik.
“2013an hamaika traba izan dira euskararen herrian euskaraz bizitzeko, gaztelania eta frantsesa lehenestea da behin eta berriro herritarrek aurkitzen duten tupustarria. Erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza-eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez gabeturik ikusten du bere burua askotan”, esan du Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik.
2013an, Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza-eskubideen alorrean jazotakoaren berri eman dio Behatokiko arduradunak Arartekoari.
“Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak ofizialtasuna duen arren, nabarmenak dira euskaraz jarduteko aurkitzen diren zailtasunak: osasun zerbitzua euskaraz hartzerik ez izatea, ertzain-etxeetan gaztelaniaz egitera behartuak, justizia gaietan euskara hutsean aurkeztutako froga-agiriak ez onartzea, izapideak euskaraz burutzeko zailtasunak…”, azaldu du Petriatik.
Euskararen erabilera normalizatzeko 10/1982 Legeak, orain 32 urte onetsi zenak, herritarrei ikasketak bi hizkuntza ofizialetan egiteko eskubidea aitortzen badie ere, hezkuntza-administrazioak ez ditu eskubide hori bermatzeko behar diren bitarteko guztiak eskura jartzen: Guardian ezin batxilergoa euskaraz ikasi; Murgian, Arabako Zuiako hiriburuan, D ereduan ikasteko trabak; unibertsitate mailako euskarazko ikasketetan ikasgaiak euskaraz ikasteko oztopoak; behar bereziak dituzten haurrek arreta euskaraz jasotzeko dituzten zailtasunak…
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, erabiltzaile eta kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko 128/2008 Dekretuak betebeharrak ezartzen baditu ere, horiek ez betetzeak inongo ondoriorik ez dakarrenez, asmo hutsalean geratzen dira kontsumitzaile zein erabiltzaile euskaldunei aitortutako hizkuntza-eskubideak.
Urratze-egoerak saihesteko, urraketak ahalbidetu ditzaketen egoerei aitzinatu eta prebentzio neurriak hartzea da euskaldunen eskubide linguistikoak ziurtatzeko biderik eraginkorrena Petriatiren esanetan.
“Zentzu horretan, erabaki positiboak eta aurrerapausoak izan dira 2013an. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak, eta berarekin batera 36 Udalek, zerbitzuak kontratatzeko hizkuntza-irizpideak onartu eta hainbat neurri onetsi dituzte. Kontratu-mota zeinahi dela ere, hizkuntza-irizpideak bete beharko dituzte udal-zerbitzuak kudeatu edo administrazio horiendako bestelako lanak egingo dituzten enpresa edo entitateek”. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak Auzia euskaraz proiektuaren aurkezpena egin du 2013an. Proiektuaren helburua justizia administrazioan izapidetze osoa euskaraz egin ahal izatea da, eta horretarako, euskara erabiltzeko programak,aplikazioak eta lantalde elebidunak sortu dituzte“, adierazi du Petriatik .
Herritarrek egoera hauen aurrean duten jarrerak aldaketak eragin dituela aipatu du Behatokiko zuzendariak 2013ko elementu positibo gisa. Herritarren nahiaren atzetik doaz askotan administrazioak eta sarri askotan jokatzen dute ezaxolati euskal herritarren hizkuntza-eskubideei dagokienean.
Herritarrek hizkuntza-eskubidea egiazki betetzeko indar egiten ez duten bitartean, oso jasangarria zaie administrazioei bere-berean mantentzea, aitzitik, herritarrek hizkuntza eskubidea baliatzeko joera erakusten badute, posible da euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen neurriak hartzea eta urratsak ematea; hori erakusten dute behintzat 2013an herritarrek egindako ahaleginaren ondotik, zenbait entitate eta administraziok bideratutako neurriek eta hartutako erabakiek”.
Albiste gehiago
Urriko aipagarrienak
2024-11-06