Ekaineko aipagarrienak
2025-07-02

2025eko ekainean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan; zoriontzerik ez da izan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» EAEko hezkuntza publikoko irakasleei gaztelaniaz eskaini zaie premia berezia duten ikasleekiko formakuntza.
» Udal ezberdinetako obretako seinaletika eta oharrak gaztelania hutsean jartzen jarraitzen dute.
» Nafarroako foruzain izateko deialdiko lanpostu gehienetan euskararen ezagutza ez da nahitaezkoa, ezta merezimendua ere.
» Bilboko ostatu batean gaztelaniaz edo ingelesez komunikatzeko eskatu diote Ipar EHko ikastetxe bati, eta euskaraz komunikatzen jarraitu nahi izanez gero, beste establezimendu batera joateko esan diote.
» Nafarroako Gobernuak igerilekuetan jartzeko seinale eta oharren baliabideak gaztelania hutsean eskaintzen ditu.
» Donostiako Ospitaleko telefono zentraletan lehenengo hitza gaztelaniaz egin diotela salatu du herritar batek.
» Brico Depôt merkataritza katearen Iruñeko dendako makinak ezin dira euskaraz erabili, bai ordea atzerriko hainbat hizkuntzetan, tartean katalana.
» Gasteizko Quiron enpresaren osasun zentroko makinak ezin dira euskaraz erabili, bai ordea gaztelaniaz edo ingelesez.
» Iruñeko Udalak euskara sustatzeko diru-laguntzen ebazpena gaztelaniaz bidali die hainbat eragileri.
» Ondarroako Portuko Alturako Arrantzako Ekoizleen Erakundeak antolatutako jardunaldietan, kartel eta euskarriak gaztelania hutsean jarri dituzte.
» Durangoko Ertzaintzaren komisaldegian “es mejor en castellano” erantzun diotela salatu du herritar batek.
» Nafarroako Viana Printzea Ospitaleko telefono zentraletan ez dela euskarazko arreta behar bezala bermatzen salatu dute.
» Osatek-eko lanpostu publikoetan euskarazko arreta bermatzeko ez direla behar bezalako neurriak hartzen salatzen jarraitzen dute.
» Nafarroako Lanbide Heziketan ziklo ia denak gaztelaniaz baino ez direla eskaintzen salatu dute eta zikloei buruzko informazioa ere ez dagoela euskaraz.
» Bilboko Alhondiga kultura zentroan bisitariei azalpenak ematen dizkien langileak euskaraz ez zekiela eta galderak gaztelaniaz egiteko eskatu zion herritar bati.
» Oinarrizko hornigaiak (gasa, telefonoa…) eskaintzen dituzten enpresa batzuek ez dituzte euskarazko arreta edo informazioa bermatu.
» Aguraingo Osakidetzako larrialdien telefonoan gaztelaniaz egiteko eskatu diote herritar bati.
» Arabako Saskibaloi Federazioak antolatutako sarien ekitaldia gaztelaniaz izan zen osotasunean.
» Iruñerriko Mankomunitatearen haurrentzako garraio txartelaren tramitazioa ezin izan da euskaraz egin.
» Barakaldoko Ertzaintzaren komisaldegian salaketa jarri nahi zuen herritarrari bertan gaztelaniaz egin beharko zuela adierazi zioten eta salaketa euskaraz jarri nahi bazuen Sestaoko komisaldegira joan beharko zuela.
» Sunbillan sorosle izateko azterketa ezin izan zen euskaraz burutu.
» Ostalaritzako negozio ezberdinetan sare sozial eta webguneetako informazioa ezin dela euskaraz jaso salatzen jarraitzen dute.
» Doneztebeko osasun etxeko harreran euskaraz egin nahi bazuen lankide bat libratzea itxaron beharko zuela erantzun zioten herritar bati, presa izanez gero gaztelaniaz egin beharko zuela.
» Erakunde publiko batzuek prentsako iragarkiak gaztelania hutsean jartzen jarraitzen dute.
LORPENAK
» Usansoloko ospitaleko kafetegian neurriak hartu dira hizkuntza irizpideak birgogoratu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko.
» Bilboko aireportuko “Vip” aretoetan euskarazko prentsa (Berria) jarri dute eskuragarri.
» Donostiako ertzain etxeko tramiteen mezu automatikoak euskaraz ere konfiguratu dituzte.
» Nafarroako Gobernuak “eremu euskalduneko” udalei gaztelania hutsean bidalitako ebazpena euskaraz ere birbidali du.
» Lizarrako Udalak haur txikien familiei bidalitako gutuna zuzendu, eta euskaraz ere bidali du.