Behatokiak Enplegu Publikoko Legearen errotiko aldaketa eskatu du, administrazioak hizkuntza eskubideak berma ditzan behingoz
2025-12-10
Herritar bakoitzari zerbitzu publikoak euskaraz jasotzea bermatzeko administrazioak duen erantzukizuna azpimarratu du.
Hizkuntz Eskubideen Behatokia Eusko Legebiltzarrean izan da EAEko Enplegu Publikoko Legea aldatzeko eztabaidaren harira irekitako prozesuan. Bertan, Behatokiak martxan daramatzan ia 25 urteetan milaka herritarrek helarazitako hizkuntza eskubide urraketak mahai gaineratu ditu, eta urraketa hauek herritarrengan dituzten ondorioak nabarmendu. Horrez gain, hizkuntza eskakizunak ingurune soziolinguistikoaren arabera malgutzeak sortzen dituen arazoak azaleratu ditu.
Euskararen Telefonoa zerbitzuaren bidez herritarrek jarritako hainbat salaketaren adibideak eman ditu Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, eta «antzeko egoerak urtero errepikatzen» direla gogorarazi. Kopuruetatik harago, «urraketa bakoitzaren atzean salatzen ez diren beste hainbat daudela kontuan izan behar da eta hainbat esparrutan herritarrari erreparoa ematen diola bere eskubideak exigitzea», gaineratu du. Era berean, hainbatetan administrazioak berak herritarrak gaztelania erabiltzeko ohitura hartzera behartzen dituela azaldu du.
Ondorioak erabileran eta efikazian
Behatokiak mahai gaineratutako kasuen arabera, zerbitzu publikoetan euskara erabiltzerakoan edo informazioa euskaraz nahi izatean herritarrek hainbat ezintasun, oztopo, baldintzatze zein bestelako albo-kalte eta ondorio pairatu behar izaten dituzte. Esaterako, hizkuntza hautua egiteko eskubidea ukatu eta gaztelania erabiltzera behartzea, edota zerbitzua behar baino beranduago jasotzea, horrek dakartzan ondorioekin.
- 431-2024 dosierra: Irungo udaletxera joan naiz gaur goizean eta harreran zegoen udaltzainari euskaraz egin diot. Berak ulertzen ez zuenez, euskara dakien norbaitekin jartzeko eskatu diot. Dei bat egin ondoren, arreta euskaraz eskainiko didan inor ez dagoela esan dit. Gaztelaniaz egin behar izan dut gestioa.
- 1111-2024 dosierra: Usansoloko ospitaleko larrialdietan medikoak euskaraz artatzeko eskatzeagatik ordu bete gehiago itxaron behar izan dot.
Hizkuntza eskubideen urraketa horiek ondorioak dituzte herritarren hizkuntzen erabileran, eta estres linguistikoa sortzen die. Horrez gain, administrazioaren beraren efikazian ere eragiten dute, osasunean, segurtasunean eta ongizatean ondorioak baitituzte, eta, beraz, zerbitzuak jasotzerakoan herritarren arteko berdintasun eza sortzen dute. Euskararen ezagutza ezak langileen beraien segurtasun eta osasunean ere eragin dezakeela gaineratu du.
Hizkuntza eskubideen bermea, aldakorra
Horrez gain, hizkuntza eskakizunak ingurune soziolinguistikoaren arabera malgutzeak dakartzan arrisku eta kalteak mahai gaineratu ditu Gaubekak. Izan ere, neurri horren arabera, zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrei ez zaizkie eskubide eta kalitate berak bermatzen herri edo lurralde-eremu guztietan.
- 409-2025 dosierra: Pasa den asteartean, hilaren 3an goizeko 10ak aldera, Barakaldoko Ertzaintzaren komisaldegira joan nintzen salaketa bat jartzera. Sartu eta egun onak eman ondoren, salaketa bat jarri nahi nuela adierazi nion euskaraz arreta egin zidanari. Honek, gaztelaniaz egiteko eskatu zidan euskaraz. Salaketa euskaraz jarri nahi baldin banuen Sestaoko komisaldegira joan beharko nuela adierazi zidan.
Errotiko aldaketa, ezinbestekoa
Urte hauetan guztietan aurrerapausoak eman badira ere, Gaubekak ohartarazi du azaleratutako kasuek erakusten dutela «muga eta parametro berdinekin talka» egiten dugula behin eta berriro. «Ehundaka aldiz erantzun zaigu Eusko Jaurlaritzatik hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa edo irizpideak birgogoraraziko zaizkiela langileei, baina oraindik lanpostu askotan euskararen ezagutzarik ez izatean, irizpide horiek ezer gutxirako balio izaten dute».
Horrez gain, Gaubekak gogorarazi du hainbat lan-poltsatan euskararen ezagutza eskatzearen aurkako sententziek egungo egoera larritzen dutela. Era berean, salatu du euskararen ezagutza gutxien bermatuta duten eremuetan, justizian kasu, ez dela onargarria euskara planaren arabera 2033rako hizkuntza eskakizuna ezarria eta egiaztatua duten lanpostu kopurua oraindik % 70ekoa izatea.
Hau guztia horrela, «Enplegu Publikoaren Legea errotiko aldaketaren norantzan jarri beharra» aldarrikatu du Gaubekak. «Euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideen bermea gizarte osoan gauzagarri izan dadin, administrazio publikoa eredu izan behar da, eta horrekiko arduraz jardutea eskatzen diogu Legebiltzarrari».


