Erizaintza euskaraz jartzeko neurriak hartzeko eskatu die Arartekoak NUPi eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari
2018-04-24
Gaur goizean eginiko agerraldian NUPen erizaintza euskaraz sustatzeko taldeak (Iruñeko Euskalgintza, Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, STEILAS eta Behatokia) iragarri duenez Nafarroako Arartekoak komenigarritzat jo du Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari iradokitzea neurriak hartzeko unibertsitate horretan erizaintzako gradua euskaraz ezarri ahal izateko, ikasketak aipatutako hizkuntzan egin nahi dituzten ikasleek hala egin dezaten.
Iradokizun hau erizaintzako ikasleek bizi duten egoera mahai gainean eta Nafarroako Parlamentuak otsailaren 15ean emandako ebazpena aintzat hartuz eman du Arartekoak ikasleekin eta Behatokiarekin eginiko bileraren ostean.
Bere ebazpenean zera eskatzen die Arartekoak: “Nafarroako Gobernuari eta NUPi Erizaintzako Gradua, baita eskatzen diren gainerako ikasketak ere, euskaraz egiteko aukera eskaintzeko eta helburu hori betetzeko beharrezkoak diren urrats guztiak eman ditzatela”.
Agerraldian erizaintza euskaraz ikasi nahi izan duten bi ikasle aritu dira euren egoeraren berri ematen:
Amaia Muela Tuterako bizilagun euskalduna da eta berre herrian euskaraz egin du bere eskola ibilbidea batxilergora arte: "Erizaintza ikasten ari naiz NUPen, baina momentuz ezin dut bertan euskaraz ikasi. Niretzat gogorra izan zen Iruñera etorrita Unibertsitatean Erizaintza euskaraz ezin izango nuela egin ikustea. Jakin badakit nik bezalaxe NUPen euskaraz ikasi nahi dugun ikasle asko gaudela. Eta Erizaintzan, zehazki, erdiak baino zertxobait gehiago euskaldunak garela. Baina egoera da, karrera osoan soilik bi ikasgai eskaintzen digutela euskaraz. Gure eskubideak herritar eta ikasle gisa urratzen ari da NUP, eta konponbide bat eskatzen dugu”.
Ane Urkia, berriz, Iruñean bizi da eta, Amaiak bezala, NUPen ikasten du Erizaintza gazteleraz: "Aukeratu dugun karrera honek ezaugarri berezi asko ditu. Izan ere, osasunaren zaintzan ariko gara lanean ikasketak amaituta, eta horrek esan nahi du pazienteekin harreman zuzenean ariko garela. Osasun arazoak dituzten pertsonekin harreman gertua eta konfiantzazkoa izatea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu kalitatez artatuak izan daitezen. Eta horretan komunikazioa da gakoa. Erdaldunei zerbitzua haien hizkuntza ematen zaien bezalaxe, euskaldunek ere euskaraz jasotzeko eskubidea dute. Izan ere, pazienteak, eta haien familiarrek, izaten dituzten berezko beldur eta zalantzak beraien hizkuntzan argitzeak harremana hurbilarazten duela ikusi dugu. Horregatik nahi dugu euskaraz forma gaitzaten, gero herritarrei arreta haiek aukeratzen duten hizkuntzan eman ahal izateko”.
Nafarroako Arartekoak eginiko iradokizuna NUPeko Errektoretzari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari helarazi zaie jada. Lehenak, ezintasuna adierazi du irakasleen kontratazio terminoetan eta bigarrenak, aldiz, begi onez ikusi du iradokizuna eta horren beharrarekin bat egiten du. Horretarako NUPekin duen hitzarmenean euskararen presentzia areagotzeko hartutako neurrien berri ematen du.
Gaur gaurkoz, dena den, ez da aldaketarik eman eta soilik 2 ikasgai eskaintzen dira euskaraz gradu osoan. Horregatik Erizaintza Euskaraz sustatzen ari den taldeak hitzorduak eskatuko dizkie, bai Errektoretzari, baita Hezkuntza Sailari ere, urratsak eman ditzaten.