Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren hirugarren ebaluazioa: Hamaika urteren buruan beltzuneak beltzune

2014-05-20

Card image cap

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik Ituna behar bezala betetzeko eskatu diete instituzioei.

Espainiako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna 2001ean berretsi bazuen ere, oraindik bertan jasotako konpromisoak betetzetik urrun dagoela adierazi dute Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek."Lehenik eta behin salatu behar dugu Estatuak Itunarekin bat egiten ez duten irizpideak baliatu zituela berretsi zuenean, eta ondorioz, euskarak status ofizial ez duen eremuetan konpromiso nagusiak ez ditu zertan bete" adierazi du Petriatik. Halaber, gogoratu nahi izan du "Euroitunaren konpromisoak beteko balira ere, horrek ez du esan nahi ofizialtasuna ezartzen dituen beharrak asetzen direnik; maila apalagokoak baitira".

Petriatiren arabera "Itunak betetzeko berresten dira, eta ezin da onartu Estatuari egin zaizkion hiru ebaluazioetan antzeko gomendioak agertzea. Horrek aski garbi erakusten du ez direla benetako konpromisoak hartzen ez Ituna betetzeko, ez eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ere". Bilbaok gogora ekarri nahi izan ditu Europako Ministroen Batzordeak egin berri dituen azken gomendioak: "Horietatik bi justiziaren eremukoak dira, beste bat Estatuko Administrazioaren jarrera axolagabeaz, zerbitzu publikoetan gurea bezalako hizkuntzen presentzia bermatzeaz eta azkenik, osasun-sisteman gurea bezalako hizkuntzen sustapenaz". Azken gomendio hori bereziki azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak: "Aurreko bi ebaluazioetan osasungintza beltzune izan da, eta oraingoan Ministroen Batzordearen  gomendio bihurtu dute, alegia, dei zuzena eta berezitua egiten diote Estatuari eremu horretan behar bezalako aldaketak egiteko. Tamalez, ohartu gara osasungintzan ez dela aurrerapauso txikiena ere gertatu ez EAEn, ez eta Nafarroan ere".

Adituek egindako beste gomendioei dagokienez Kontseiluko idazkari nagusiak balorazioa agertu nahi izan du. Horrela, Justiziaren eremuan inolako neurririk hartu ez izana leporatu dio Estatuari. "Euskaraz bizi nahi duten herritarren babes judizial eraginkorrerako eta defentsa-eskubiderako eskubidea sistematikoki urratzen zaiela jakin arren, Estatuak ez du inolako neurririk hartu." adierazi du Bilbaok.

Halaber, hedabideen eremua ere hizpide izan dute Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek: "Euskalerria Irratiaren afera lehen ebaluazioan ere jaso zuten adituek, eta Nafarroako Gobernuak entzungor egin die eskaerei. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak orain erabaki egin beharko du zer egingo duen Nafarroan euskarazko telebistak ikusi ahal izateko, alegia, ETB ikusi ahal izateko kompromisoak edota kate berri bat abian jarri. Haien esku dago".

Estatuko Administrazioaren axolagabekeria ere mahai gaineratu du Kontseiluko ordezkariak."Estatuak izan behar du Euroitunaren bermatzaile edota betetzearen erantzule nagusia, eta haren administrazioetan gertatzen dira urraketa handienak, erabat paradoxikoa" esan du. Hezkuntzari dagokionez, Adituen Batzordeak agertutako kezkaren garrantzia oharrarazi nahi izan du, izan ere, berriki aurkezten ari diren marko hirueledunean edota TIL-British ereduan euskarazko irakaskuntza bermatuko dela ziurtatzeko eskatu zaie Administrazioei. Horren karira Bilbaok gogorazi du Kontseiluak, hezkuntza-eragile nagusiekin batera, euskaldun eleaniztunak lortzen dituen eredua definitua duela, eta beraz, eredu eraginkor hori abian jartzeko deia egin die instituzioei.

Bilbaok gogora ekarri nahi izan du EAEn hauteskundeak igaro berri direla eta hemendik gutxira Jaurlaritza berria eratuko dela. Horren karira eskaera egin nahi izan dio Jaurlaritzak izango duen lehendakari berriari: "Politika irauli behar da hurrengo lau urteotan, ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea bermatuko duten neurriak abian jarri behar dira berandu baino lehen.

Seguru gaude, politika eragingarria abian jarriz gero, Europako Kontseiluak hurrengo ebaluazioa egiten duenean, isla izango duela" Azkenik, Garbiñe Petriatik herritarrei egin die deia: "Herritarrek helarazitako bizipenei esker jakinarazi ahal izan diegu Europako adituei gure herrian ez dagoela euskaraz bizitzerik; hortaz, dei egin nahi diegu euskaraz bizitzeko hautuari determinazioz eusteko eta oztopoak jartzen zaizkienean Behatokira jotzeko."