Euskara baztertua eta milaka nafar gutxietsita: Merezimenduen Dekretuari ezezko borobila eman dio Euskararen Nafar Kontseiluak
2024-09-13
Atzo, Euskararen Nafar Kontseiluak batzarra egin zuen Nafarroako Gobernuak ezarri nahi duen Merezimenduen Dekretuaren gaineko irizpena emateko. Bozketaren emaitza argia eta esanguratsua izan zen: aurkako 12 boto, aldeko bakarra, eta 6 abstentzio. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere jarrera oso kritikoa erakutsi dute dekretuaren edukia, azken urteetako hizkuntza-politikaren norabidea eta atzoko bileran gertatutakoa baloratzerakoan.
Gobernuaren etengabeko gutxiespena
Dekretu honek 2017. urtean onartutako Euskararen Dekretuaren edukiak hustu egiten dituela salatu dute, eta Nafarroako hizkuntza-politika ikuspegi partzial eta zeharo murriztaile batetik jorratzen ari dela azpimarratu dute. Gainera, dekretuak sortuko lituzkeen ondorioei dagokienez, Nafarroan hizkuntza-berdintasunari eta euskararen erabilerari kalte handia egingo lioke hurrengo hamarkadetan.
Euskararen Nafar Kontseilua, Nafarroako euskararen alorreko organo aholku emailea izan arren, azken urteotan bere pisua nabarmen gutxitu dela adierazi dute. Horren erakusgarri da Gobernuak ez dituela Dekretuari egindako ekarpenak eta zuzenketak aintzat hartu, 5 urtez luzatu duela tramitazio-prozesua, eta bien bitartean argitaratu diren lan deialdietan euskararen ezagutza meritu gisa baloratzeari utzi zaio. Sortutako kezka, atzerapen eta ziurgabetasunaren aurrean etengabeko gutxiespena salatu dute Kontseiluak eta Behatokiak. Izan ere, atzo egin zen batzarrean Funtzio Publikoko Zuzendariak eragileek euskaraz egindako galderei ez zien erantzun, ez zelako aldibereko interpretaziora konektatu. Funtzio Publikotik zein Nafarroako Gobernuko beste organo batzuetatik euskararen inguruko aditu eta eragileekiko duten interes txikia eta gutxiespena erakusten duela salatu dute, eta galderak idatziz bidali behar izan dituzte, bileratik kanpo.
Euskararen Nafar Kontseiluko kide den Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak honakoa adierazi du: «Martxoan, Nafarroako 60tik gora eragilek agerraldi bat egin genuen bat dekretuari ezezkoa emateko, eta argi geratu zen dekretu honek euskara mespretxatu eta gutxiesten ditela. Eta horrek esan nahi du herritarrak, milaka eta milaka nafar, mespretxatzen eta gutxiesten direla. Euskararen biziraupena, hizkuntza eta hiztunen arteko berdintasuna: dekretu honek horiek guztiak gutxiesten ditu».
Jarraian, azpimarratu du martxoko agerraldian «berariaz protagonismo berezia» izan zutela «Osasunbideko mediku eta osasun arloko profesionalek, azpimarratu zutelako egoera zaurgarrietan are eta garrantzitsuagoa dela norberaren hizkuntzan jasotzea arreta, hizkuntza eskubideak bermatzea. Beraz, dekretua baztertzailea da euskaldunekiko, ez baititu nafar guztien eskubideak bermatzen. Atzerapausoa da zentzu guztietan».
Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Euskararen Nafar Kontseiluko kide gisa, azaldu du: «2017ko Euskararen Dekretuak Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen zuen, baina 2019an hainbat artikulu baliogabetu zituen Auzitegi Nagusiak. Baliogabetutako artikuluek Nafarroan euskararen presentzia, etorkizuna eta hiztunen eskubideak auzitan jarri zituzten. Ordutik, hizkuntza eskubideen egoera okertu egin da, eta dekretu berriak ez du egoera hobetzen, baizik eta atzerakada dakar».
Gogora ekarri du egun, irakaskuntzan salbu, Nafarroako lanpostu publikoen % 2 inguru dira harremana bi hizkuntzetan bermatzeko gaitasuna dutenak, eta horietako gehienak eremu euskaldun izenekoan daude. Hauetan ere murrizketak eragingo ditu Dekretuak.
Bestalde, zerbitzu zentraletako eta eremu mistoko lanpostuetan euskararen balorazioa kontuan ez hartzea hizkuntza eskubideen urraketa argia dela salatu du Gaubekak, eta gainera, atzerriko hizkuntzen kasuan (alemanera, frantsesa eta ingelesa) ezartzen den balorazioa nabarmen ezberdina dela euskararekiko. Gaubekak azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak hizkuntza-eskubideak babesteko neurri sendoak hartu beharrean, sektore atzerakoi, erreakzionario eta euskarafoboen presiopean jardun du. Herritarren erabateko mespretxua da.
Araudi berri bat, atzerapenik gabe
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuari eskatu diote administrazio publikoetan euskararen erabilera behar bezala arautzeko dekretu berri bat sortzeko, baina baita gizarte eragileekin, sindikatuekin eta bestelako erakundeekin batera hizkuntza-eskubideen legezko blindatzea bultzatzeko ere. Bost urte igaro dira euskara administrazioan behar bezala tratatzeko dekretu egokia adostu gabe, eta horrek euskararen eta herritarren aitortzari buruzko urraketak betikotzea ekar dezake datozen hamarkadetan.
Azkenik, Nafarroa osoan ofizialtasuna eskatzen dute, herritar guztien berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak benetan bermatzeko bidean urrats sendoak eman daitezen.