Euskarazko murgiltze-bidezko irakaskuntzaren alde, Baionako giza-katean parte hartuko dute Kontseiluak eta Behatokiak
2020-10-06
Frantziak Baste Quieta eskola publikoari euskara hutsez murgiltzeko proiektuari ezarritako debekua ulergaitza da Kontseiluarentzat eta Behatokiarentzat. Hori salatzeko urriaren 10ean, larunbatean, giza-katea egingo dute Baionan, Behatokiaren eta Kontseiluaren parte hartzearekin.
Frantziako gobernuak euskarari ezarritako beste oztopo bat da Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoari paratutako debekua: euskara hutsezko murgiltze-esperimentazio proiektu bat abiatzekoak zuten irailean, baina, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta, atzera bota zuen Parisek. Horren aurrean, Ipar Euskal Herriko euskararen aldeko zein hezkuntza arloko elkarte nagusiek bat egin, eta egoera salatzeko giza-katea egingo dute larunbatean, urriaren 10ean, Baionan. Bertan izango dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria. Herritarrei gerturatzeko deia egin nahi diete, Frantziaren eraso hau onargaitza delako, eta euskarazko irakaskuntzak denon babesa behar duelako, euskararen normalizazioaren bidean urratsak egin nahi badira.
Oztopo jakobinoa
“Ez dugu ulertzen Frantziako agintarien itsukeria berezko hizkuntzen normalizazio-prozesua galgatzeko”, ohartarazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. “Are ulergaitzagoa egiten zaigu euskarak gero eta babes sozial handiagoa duenean, gero eta guraso gehiagok euskarazko irakaskuntzaren alde egiten dutenean, Gobernuak are jarrera uzkurragoa hartzea. Zinez uste genuen jakobinismo ankerraren garaia gaindituta zuela Gobernuak”. Ildo beretik jo du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. Frantziar estatuaren jarrera zapaltzailea beste behin agerian jarri dela uste du: “Euskarazko murgiltze-eredua debekatzeak argi erakusten digu gutxitutako hizkuntzen aitortza eta babesik ez dagoela frantziar estatuan, gure kasuan, euskara babestea eta sustatzea ezinezkoa da, frantsesa oinarri eta ardatz ez den eredu guztiak debekatzen dituelako. Frantziar Konstituzioa bera oinarrizko giza eskubideen zapaltzaile bihurtzen da. Beraz, ez du herritarren aniztasuna errespetatzen eta etorkizuneko herritarren hizkuntza eta kultura homogeneizatu nahian jarraitzen dute”.
Hezkuntza arloan debekua ezarri izana, gainera, ez da kasualitatea, Bilbaoren iritziz. “Euskalgintzak aski ongi daki murgiltze-bidezko irakaskuntzak zer nolako ondorioak dakarzkion euskararen normalizazio-prozesuari. Azken hamarkadatan murgiltze-bidezko ereduak milaka eta milaka hiztun berri ekarri dizkio komunitateari. Are gehiago, esan daiteke, eredu hori dela belaunaldi berri euskaldunak bermatzen gehien laguntzen duena”.
Batasuna, goraipatzekoa
Frantziar gobernuaren jarrera salatu eta euskarazko irakaskuntzaren alde egiteko, giza-katea antolatu dute Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek: Euskal Konfederazioak (Kontseiluko bazkide denak), Seaska, Biga Bai, Euskal Haziak, Ikas-Bi, Euskara Geroan eta Erakasleak. Kontseiluak eta Behatokiak bat egin dute deialdiarekin. Guztiak ere Baionako Rene Cassinen sortetxean batuko dira urriaren 10ean, goizeko 11:00etan, eta katea osatuz abiatuko dira Suprefeturaren egoitzaren aitzinera.
Hezkuntza-komunitatearen batasun-irudia zoriontzekoa dela deritzo Paul Bilbaok. “Denok batera jardutea da Geroa Euskaratik eraikitzeko bidea, eta horretan guztian Kontseilua bidelaguna izango da”. Herritarrei ere bat egiteko deia luzatu die Agurne Gaubekak. “Ipar EHko etorkizuneko herritarrek euskaraz bizitzeko izango dituzten aukerak kinka larrian jarri nahi dituzte. Horregatik guztiagatik, berebizikoa da herritarrak kalera atera eta frantziar estatuari bere hizkuntza-politikak eta araudia, urgentziaz aldatu behar dituela exijitzea”.
Giza-katea hasi baino ordu laurden lehenago hedabideentzako adierazpenak egingo dituzte Paul Bilbaok eta Agurne Gaubekak, abiatzeko gunean bertan.