Foruzaingoko komunikazio taldearen euskaldunen aurkako tratu iraingarria salatu du Behatokiak
2025-10-09

Duela egun batzuk, Euskararen Telefonoan erregistratutako kexa bat helarazi zuen Behatokiak Nafarroako Foruzaingora, sare sozialetako euskararen erabilera traketsari buruzko kexa izanik, komunikazio taldera bideratu zuten baina ondorengo erantzuna jaso zuen Behatokiak komunikazio talde horren email korporatibotik:
«Nos gustaría recibir esta comunicación también en castellano, con el fin de poder entenderla y contestarla. Es incomprensible cómo no se utilizan las dos lenguas oficiales de Navarra.»
Behatokiak euskara erabiltzeko eskubidean oinarrituaz, Foruzaingoak dituen betebeharrak gogorarazteko mezua bidali zion, eta urriaren 3an Foruzaingoak "Manzanas traigo" erantzun zion mezuari, espedientea artxibatuz.
«Expediente inicial solo en euskera, contestación a nuestro requerimiento solo en euskera… no entendemos. Manzanas traigo… Archivamos.»
Erabat onartezina da Foruzaingoak, Nafarroako erakunde publiko batek eta bertako langile publikoek, Nafarroako hizkuntza den euskararen eta herritar euskaldunen gutxiespena eta mespretxua adieraztea. Are larriagoa da, gainera, jasotako arretaz kexu diren herritarrei eta erakundeei horrelako lotsagabekeria eta inpunitatearekin erantzutea. Ez da Behatokiak jasotako lehenengo kexa Foruzaingoan euskaraz zerbitzua emateko gai ez izan eta euskararen ezagutza duen langilerik ez izateagatik.
Herritarrei zor zaien administrazio publikoaz ari gara, herritarrei laguntzea helburu duten langile publikoez, herritarren integritatea, segurtasuna edo ongizatea tartean egon daitezkeelarik gainera. Argi dago ez direla herritarrak errespetuz artatzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko gai. Erantzukizunak eskatzen ditugu, Nafarroako berezko hizkuntza eta bere hiztunekiko mespretxuzko tratu honi berehalako soluzioa ematea.
Langile publikoek euskara ezagutu behar dute horrelako egoerak saihesteko, herritar guztien eskubideak eta duintasuna errespetatuak izan daitezen. Langile publiko euskaldunak eskatzea, herritarron eskubidea izateaz gain, eta administrazio publikoaren betebehar legal eta politikoa da.
Gogoratu behar dugu, gainera, 18/1986 Foru Legearen 2.2.1. artikuluak gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak direla eta, horren ondorioz, herritar guztiek dutela jakin eta erabiltzeko eskubidea ezartzen duela. Horrekin batera, botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituztela jasotzen da herritarrek hizkuntzagatik bereizkeriarik jasan ez dezaten (3.1. art.).
Behatokiak herritarrei dei egiten die euskarazko zerbitzua jasotzeko arazoak dituzten edo gaztelania erabiltzera behartuak diren kasuak salatzera, www.euskararentelefonoa.eus webgunean edo 948 146 172 telefonoan.