Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Bergarako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute
2025-07-17

Euskaldunon hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izatea da bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen honen helburua.
Herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izatea helburu, Bergarako Udalak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Behatokiaren xede nagusia hizkuntza eskubideen inguruko kontzientzia areagotu eta horien babesean eragitea da eta, xede horrekin bat egin du Bergarako Udalak.
Hitzarmen honen bidez, erakunde biek bat egiten dute euskara sustatu, hizkuntza eskubideak bermatu eta euskaldunok ahalduntzeko hitzarmenean jasotako erronka hauekin:
- Euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eramatea.
- Bergarako Udalean berariazko nahiz zeharkako hizkuntza politikak garatzea.
- Administrazio publiko zein enpresa pribatu ezberdinetan herritarrek pairatzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketekiko neurrietan eragitea.
- Hizkuntza eskubideen urraketak egiten dituzten administrazio, enpresa zein eragileengan aldaketak eragitea.
- Herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan eragitea, euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak gainditzen lagunduz.
Euskararen Telefonoa, Udalaren eta herritarren eskura
Helburuak lortzeko, bi erakundeek elkarrekin gauzatzeko eta uztartzeko egokiak diren ekimenak bultzatuko dituzte.
Batetik, elkarrekin landuko dute hizkuntza eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko eta eskubide urraketei aurrea hartzeko lan ildoa. Horretarako, Bergarako Udalak herritarrei helaraziko die Behatokiak eskaintzen dituen zerbitzu edo laguntzaren gaineko informazioa.
Era berean, Behatokiak Bergarako Udalari helaraziko dizkio udalerrian bizi edo lan egiten duten herritarrek Euskararen Telefonora bideratutako eremu publiko zein sozioekonomikoko intzidentziak, hizkuntza eskubideen bermean antzemandako hutsune eta hobetu beharrekoen berri emanez. Horien bidez, Bergarako Udalak euskararen erabilerari dagokionez sustapen lan handiagoa eskaintzen duten arloak identifikatuta eduki ahal izango ditu, eta, bere eskumenen barruan, dagozkion neurri zuzentzaileak abiatu.
Herritarren ahalduntzea
Azkenik, Bergarako herritarren artean hizkuntza eskubideekiko kontzientzia lantzeko hitzaldia eskainiko du Behatokiak. Honen bidez, herritarrek dituzten eskubideekiko kontzientzia hartzeaz gaindi, arlo publiko zein pribatuan euskararen erabilera erosoa oztopatzen duten egoerak identifikatzea eta horien gaineko ahalduntzea landuko dira.