Hizkuntza eskubideen inguruan usurbildarrak aktibatzeko eta kontzientziatzeko hitzarmena sinatu dute Behatokiak eta Usurbilgo Udalak
2020-11-26
Elkarlanerako urtebeteko hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, eta Behatokiak usurbildarrei hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna eraginkorrak eskaintzeko saioak egingo ditu 2021 urtearen hasieran. Bide horretan, agerraldian egon diren UEMAk eta Noaua! Euskara elkarteak hitzarmena babestu eta elkarlanerako prestutasuna adierazi dute.
Hizkuntza eskubideen inguruan usurbildarrak aktibatzeko eta kontzientziatzeko urtebeteko hitzarmena sinatu dute, gaur, Usurbilgo Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Bi erakundeen arteko harremana ez da berria, baina bai edukia, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak azaldu duenez: «Usurbilgo herritarrak kontzientziatu eta aktibatu nahi ditugu, eta tresna eraginkorrak eman, euren hizkuntza eskubideak berma daitezen». Alboan izan dituzte, baita ere, Usurbilen aurrez zeregin horretan lanean ziharduten Noaua! euskara elkartea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea ere.
Agurne Gaubeka Erauskin Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak euskaraz aritzeko trabez ohartarazi du: «Euskaraldi betean garela, euskaraz bizi nahi dugula esaten ari gara ozen, baina euskaraz egin ahal izateko jakina da, zenbaitetan, traba eta eragozpenak izaten ditugula». Era berean, euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da, Gaubekaren esanetan, erabilera sustatzeko espazioak izan eta eskaintzea: «Horretan, zeregin berezia dute administrazio publikoek eta, bereziki, udalek, herritarrekiko zerbitzu gehienak eta zuzenenak horietan jasotzen baitira». Halaber, erakunde, eragile eta enpresa pribatuek ere herritarren eta bezeroen oinarrizko eskubideak errespetatu eta kontuan hartzea berebizikoa da, haren esanetan. «Izan ere, oinarrizko giza eskubideen artean kokatzen dugu hizkuntza eskubideena. Hitzez hitz, horrela aitortzen du Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak: «Ez da inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik».
Udaberriko konfinamenduan hizkuntza eskubideak urratu zirela gogoratu du, gainera, Gaubekak: «Informazio gehiena gaztelaniaz heltzen zitzaigun, edo, bestela, beranduago heltzen zen euskarazkoa. Eta, horrez gain, jada hutsuneak zeuden tokietan areagotu egin dira hizkuntza eskubideen urraketak». Zentzu horretan, Gaubekak hizkuntza eskubideak une oro txertatuak izateko neurriak hartzera deitu ditu erakunde publikoak zein pribatuak: «Herritarren beste oinarrizko eskubide batzuk gure erakundeetan txertatuak ditugun bezala, garaia dugu hizkuntzarena ere modu naturalean barneratzeko».
Babesa eta elkarlana
Noaua! Euskara elkarteko Alaitz Aizpuruak nabarmendu du euskara eta euskal kultura sustatzeaz gain, euskara babestea ere badela elkartearen helburuetako bat, eta zentzu horretan, herritarren kexak edo urratzeen berri jaso izan dutenetan oihartzuna eman dietela. Zeregin horretan jarraituko dutela adierazi du: «Garrantzitsua da hiztunok ditugun eskubideak zein diren jakitea; are gehiago, pandemia egoera honetan hizkuntza eskubideen urraketak biderkatu direla ikusita. Herritarrek mikroboteretik eragiteko duten gaitasun hori sustatu behar dugu, eta horregatik saiatuko gara udalarekin eta Behatokiarekin elkarlanean auziari tokia egiten aldizkarian».
Uemako teknikari Jokin Urangak ongietorria eman dio udalaren eta Behatokiaren arteko hitzarmenari, baita txalotu ere, gainerako udalentzat eredugarria delakoan. Urangaren esanetan, ezinbestekoa da herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea: «Udalerri euskaldunetan egoera pribilegiatuan bizi gara, baina egoera hauskorra da, edozein faktorek aldaketa ekar dezakeelako. Beraz, herritarren kontzientzia giltzarria da udalerri euskaldunetan euskarari eusteko. Naturaltasunez egiten duguna modu kontzientean egin dezagun. Inertziatik kontzientziarako saltoa emanez, alegia».
Tresnak, herritarren esku
Herritarrak euren hizkuntza eskubideez jabetzera deitu dituzte, urraketaren bat pairatuz gero, udalerrian zein udalerritik kanpo gertatu, udalera edo Behatokira jo dezaten, Akuilari aplikazioaren bidez, Euskararen Telefonoan alta emanda edo 948 146 172 edo 627 524 782 telefonoetara deituta.