Iraileko aipagarrienak
2022-09-30
2022ko irailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan.
KEXAK
» Arazoak daude hainbat APP euskaraz erabili nahi izatean (Loiuko aireportuko aparkalekukoa, Bizkaiko Aldundiaren Mugiment APPa…).
» Quiron kliniken egoitzetan dena gaztelaniaz errotulatzen dute, eta informazio guztia gaztelania hutsean eskaintzen dute.
» Arbonako herriko etxeko aldizkaria frantses hutsean argitaratzea erabaki dute, eta herriko bi talderen euskarazko testuak zentsuratu dituztela salatu dute.
» Donostiako Zinemaldian atzerriko hainbat saio bertsio originalean gaztelania eta ingelesezko azpidatziekin soilik eskaini dira, euskarazkoekin ez.
» Euskaltelek ez ditu hizkuntza-eskubideak bermatzen eskaintza eta zerbitzuetako telefonoetan.
» Apple enpresak IOS bertsio berrian irisgarritasunari begira jarritako sistemak euskarazko testuak detektatzeko gaitu duen arren, teklatua ez du euskaraz erabilgarri jarri.
» Triodos banketxeak mezu guztiak gaztelania hutsean bidaltzen ditu.
» Adamo konpainiak ez du euskarazko informaziorik eskaintzen iragarkietan.
» Nafarroako D ereduko ikastetxe batek kanpo jarduerak eskaintzerakoan, “ikuspegi integratzailea mantendu ahal izateko”, jarduerak gaztelaniaz garatzen direla adierazi die gurasoei.
» TiketBAI erabiltzeko beharrezko aplikazioan ez dago fakturak euskara hutsean egiteko aukerarik.
» Eusko Legebiltzarreko legelari lanpostuan 4. hizkuntza eskakizuna eskatzetik 3.a eskatzera jaitsi dute.
» KZ Gunean, azterketa euskaraz egitean, arazo teknikoak izan dira, eta ez dituzte behar bezala konpondu.
» Bizkaiko Foru Aldundiaren ogasun saileko telefonoan, euskara hautatu arren, herritarra gaztelaniaz egitera bultzatu da.
» Iberia hegazkin konpainiaren webgunean ezin daiteke euskara hautatu, eta informazio zein bidai-txartela, guztia, gaztelaniaz eskaintzen da.
» Udalei fakturak bidaltzeko Espainiako Gobernuaren FACE plataformak ez ditu euskarazko fakturak onartzen.
» Euskotreneko barne-deialdietako lehen probak ezin izan dituzte euskaraz egin hautagaiek.
» Gizarte Segurantzaren webgunean ez dago Europako Osasun Txartela euskaraz eskatzerik.
» Iruñeko Udalaren gazteentzako udazkeneko ikastaroen eskaintzan, 42 ikastarotatik 3 besterik ez dira euskaraz, eta 8tan soilik izango dira begirale euskaldunak.
» Euskal Herriko hiriburuetako hainbat jatetxetan euskara kontuan ez hartzen jarraitzen da.
» Hainbat udaletako seinaleak gaztelania hutsean jartzen jarraitzen dute.
ZORIONTZEAK
» McDonalds jatetxeetan euskara aukeratzeko aukera berriro gaitu dute. Hala ere, gailuetako zenbait testu oraindik zuzendu behar dituzte eta pantaila handietako informazioa erdaraz baino ez daukate. Gainera, gailuetan euskara aukeratuta ere tiketak erdara hutsean inprimatzen dituzte.
LORPENAK
» Nafarroako Gobernuko langile autonomoei gaztelania hutsean bidalitako mezuak euskaraz ere bidali dizkiete.
» Tolosako kiroldegian norbere pasahitza euskaraz ere alda daiteke.
» Durangoko kiroldegiko pantailak euskaraz jarri dituzte.
» Barakaldoko Udalak neurriak hartu ditu Udalak zein azpikontratatutako enpresek jarritako ohar eta jakinarazpen guztiak euskaraz ere egon daitezen.
» Orona enpresak Bilboko aireportuan jarritako iragarkia zuzendu du, eta kartela euskaraz ere jarri du.
» Bizkaiko Zubia gestionatzen duen enpresak prentsan jarritako iragarkietan euskara ere erabiltzeko konpromisoa hartu du.