Iraileko aipagarrienak
2025-10-03

2025eko irailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» Voll Damm-en iragarki berrian hizkuntza bat dugula aipatzen da baina iragarkia gaztelania hutsean atera dute.
» Ertzaintzako agenteak gaztelaniaz egiteko eskatu die errepidean istripu eta arazoak izan dituzten hainbat herritarri. Bati "Si me lo dices en castellano igual te entiendo algo..." erantzun diote.
» Nafarroako artxiboetako goi-mailako teknikarien 3 lanpostu betetzeko deialdian ez da euskararen ezagutzarik behar.
» Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria lortzeko erabili behar den CE3X programa informatikoa ez dago erabilgarri euskaraz.
» Bilboko Intermodaleko leihatiletan ez da euskarazko arreta bermatzen; bai, ordea, atzerriko hizkuntzetan.
» Nafarroako Gobernu Irekitik euskara sustatzeko diru-laguntzen epea irekita dagoela esateko mezua gaztelaniaz bidaltzen jarraitzen da.
» Gasteizen antolatu den Magialdia jaialdiko webgunea eta informazioa ezin daitezke euskaraz kontsultatu.
» Mauleko Herriko Etxeko turismo bulegoan ez dituzte arreta eta informazioa euskaraz eskaintzen.
» Iruñeko Udaleko hirigintza sailetik galdetegia eta mezuak gaztelania hutsean bidali dira.
» Forum Sport dendetako Bilboko zentraleko telefonoetan ez dute arreta euskaraz eskaintzen.
» Nafarroako Hezkuntza Departamentutik gaztelaniaz erantzuten jarraitzen dute, herritarrek euskaraz idatzi arren.
» Kutxabank aseguruetako telefonoetan euskarazko arreta jasotzeko zailtasunak daude.
» Bilbon ospatzen den (eta erakunde publikoek finantzatuta dagoen) BIME festibalak sare sozialetan ez du euskara erabiltzen.
» Lapurdiko Cerballiance analisiak egiten dituzten osasun zentroan arreta eta informazioa frantsesez soilik eskaintzen dituzte.
» Donostiako Sade zinemek oraindik ez dute webgunea euskaraz ezarri, pasa den urtean hala agindu arren.
» Nafarroako Lanbide Heziketako zerbitzuan ez dira euskarazko arreta eta informazioa bermatzen.
» Getxoko Kultur Etxeko tailerren eskaintzan 18 ikastarotatik 3 soilik direla euskaraz salatu dute.
» Ostalaritzako enpresa ezberdinetan euskaraz eskatzeagatik arazoak izaten jarraitzen dela erakusten duten kasuak errepikatu dira.
» Gasteizen ospatu den FestVal jaialdiak bere programazioan euskara baztertu duela salatu dute.
ZORIONTZEAK
» Mauleko Gazteluko langileei, euskarazko arreta eskaini eta informazio oharrak euskaraz ere ezartzeagatik.
» Donostiako Ikatz okindegiari, bertako langilea euskaraz egiten saiatzen delako eta produktuen izenak euskaraz edo ele bitan ezartzen dituztelako.
» Bibe.me sarreren salerosketarako atariari eta Akting Ingeniaritza enpresari, webgunea eta arreta euskaraz eskaintzeagatik
» Ainhoako Turismo bulegoari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.
LORPENAK
» Euskalmetek muturreko metereologiari buruzko informazioa zuzendu eta euskaraz ere jarri du.