[Iritzia] Administrazio euskalduna lortzeko gidaritza hartu eta baliabideak jarri behar dira
2017-06-21
Herritarrek gaur egun oraindik zailtasunak dituzte Administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzerako orduan. Hori da Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2016ko kasuak aztertu ondoren atera duen ondorio nagusia.
Euskal Herriko Administrazioetan euskarak bertako hizkuntza izan arren bigarren mailako hizkuntzaren trataera duela erakusten duten adibide ugari bildu ditu Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2016 urtean jasotako kasuen artean.
“Erdaraz mesedez, ez dakit euskaraz” “Ez dakit nola esan euskaraz”, “Gaztelaniaz hobeki moldatzen naiz”, “Es ke, agiria gaztelaniaz baino ez dago”, “Erdaraz hobeto ezta?”
Arreta erdaraz eskatuko balitz berehalakoan jasoko litzatekeen bitartean, euskaraz jardun nahi duen herritarrak sufritu egin behar izan du euskarazko euskarriak eskura ez izatera, agiri ofizialak eta gutunak erdara hutsean jasotzea, langile euskalduna noiz libratuko zain egotea edota erdaraz mintzatu behar izatea, izapideak nola atzeratzen diren ikustea… Finean, erdaldunek dituzten baino aukera urriagorekin konformatu behar izan du.
Errealitate horren ondorio zuzena da euskal herritarren parte garrantzitsu baten bizi-kalitatea, ongizatea eta duintasuna egunero-egunero kalteturik eta desabantailan aurkitzen dela hizkuntza arrazoiengatik.
Hizkuntza dela eta herritarrak diskriminatuak izatea nahi ez badugu, ezinbesteko elementu bat da erabiltzaileak hautatzen duen komunikazio hizkuntza bermatzea, lurraldeko hizkuntzan komunikatzeko eskubidea garantizatzea.
Zerbitzu guztietan euskarazko atentzioa bermatzeko, bestelako baliabide eta neurriez gain, funtsezko elementua dira hizkuntza erabiltzeko trebetasuna duten langileak.
Lanpostu baterako hautaketa probetan hautagai batek ez badu gaztelania edo frantsesa maila txukunik erakusten, administrazioak ez du langilea onartzen. Euskararekin ez da berdin gertatzen baina logikak dio euskaldunak euskaraz atenditu ahal izateko administrazioak langile euskaldunak behar dituela.
Administrazioen politikak eta jardunak eragin handia du herritarren eguneroko bizitzan: mediku kontsulta batean sartzen garenean aurkitzen ditugun baldintzetatik hasi eta aparkaleku bateko tiketaren ezaugarrien gora-beheretan eragiten du administrazioaren jokabideak.
Administrazioen moduak, prozedurak eta jardunbideak automatismoak sortzen ditu herritarren jardunean eta jokaeran.
Eremu guztietan herritarren jokabidea alde batera edo bestera eramateko ahalmena dute. Ondorioz baita inertziak eta jokabide soziala euskarara hurbiltzeko gaitasun ere.
Agintariek, Administrazio euskaldun bat lortzeko gidaritza izan behar dute eta horretarako baliabideak jarri, euskal hiztunei errepidea lauago egin eta zuloak estali. Horretarako zenbat eta efektibo euskaldun gehiago, orduan eta hobeki erantzunen zaie herritarren beharrei.
Horrela egin ezean euskal hiztunak arintzen ez den estres egoeran jarraituko dute eta arrisku handia egongo da oinarrizko giza eskubideen dimentsio linguistikoa diren hizkuntza-eskubideen bermea hipotekatzeko.
Info 7 irratiko Gureaz Blai saioan, 2017ko ekainaren 14an emititutako iritzia