[Iritzia] Euskara jakitea idazkariaren zeregina da…
2018-02-20
…edo, muga askorekin bada ere, Euskal Herriko administrazio publiko batzuetako langileena, baina ez administrazio publiko horietako buruena. Administrazio langile batzuek euskara jakin behar dute baina arduradun politikoek, alderdi batekoek zein bestekoek, gobernuko kideek eta, oro har, kargu publikoek ez.
Horrela, komunitate bat gidatu eta formalki bideratu behar duten eta herritar guztien zerbitzura dauden diputatuak, alkateak, hautetsiak, kontseilariak, sailburuak, legebiltzarkideak… komunitate horretako biztanleen hizkuntza, bertako hizkuntza, ezagutzen ez dutenak izan daitezke. Hau da, funtzionarioak herritarrak eskatutako hizkuntzan egin beharko du, edo egin beharko luke, baina politikariak berak nahi duen hizkuntzan egingo du.
Euskara jakiteko beharrik gabe administrazioan sartzen diren langileak euskalduntzeko ahalegina egiten den bitartean, horien arduradunak erdaldunak izaten dira askotan eta ezerk ez ditu behartzen euskara jakitera edo ikastera. Espainiako edo Frantziako konstituzioek gaztelaniaz eta frantsesez jakitera derrigortzen dituen bitartean, kargu politikoa izateko euskararen beharra ez dago idatzita.
Horrek, zalantzarik gabe, ondorio asko sortzen ditu. Horietako bat euskaraz lan egin nahi duten langileei oztopoak jarri eta erdaraz lan egitera behartzea da, lan-prozedura gehien-gehienak erdara hutsez bideratzea eta euskararen presentzia itzulpenaren menpe utziz, azken urratsean baino ez bermatzea.
Horrekin batera, ordezkatzen duten administrazioaren kanpo proiekzioa, hedabideetan eginiko deklarazioak, beste erakunde edota entitateekin hartu-emanak eta erakundeen izenean batean eta bestean egingo dituzten adierazpenak ere erdaraz izango dira.
Euskara soinean daramaten kargu publikoen artean ere ohikoa izaten da hainbat balio jartzea hizkuntzaren gainetik. Izan ere, “egun on, buenos días, bonjour” baten ondotik nahiago izaten dute zabaldu nahi duten mezua, “gauza inportanteak”, erdaraz adieraztea, badaezpada ere.
Guztiak dira euskaltzaleak, guztiek daramate altxorra bihotzean. Euskararen inguruko hitz politak. Baina “esana da erraz eta egina garratz” eta eguneroko dinamikan nagusiki erdaraz komunikatzea eta jardutea aukeratzen dute. Herritar guztiekiko errespetuz eta gizalegez jokatzea dagokien arren, bazter uzten dute oinarrizko printzipio hori.
Politika da gure bizitza kolektiboa antolatzen duen elementua. Politikagintzan ari direnek, kargu publikoa dutenek, euren hizkuntza-portaerak herritarron begietan eta hizkuntza-ohituretan duen eraginaz eta garrantziaz jabetu behar dute. Herritarren hizkuntzan egitea ezin da bigarren mailakoa izan. Garrantzitsua ez ezik, ezinbesteko elementua izan behar du.
Herritarren aktibazioa eta erabilera indartzeko Euskaraldia dinamika kolektiboa abian jarri den abagune honetan, agintariek eta kargu eta ordezkari publikoek ere ohiturak aldatzen hasteko unea da, euskara bere egitekoa, euskaraz funtzionatu eta euskara erabakiguneetan kokatua dagoela erakustekoa. Askotan hitzetik hortzera darabilgun prestigioa ematea dagokie, euskararekiko konpromisoa erakustea, euskara ahora bizi-bizi ekartzea eta hizkuntzen erabileran eredugarriak izatea.