[Iritzia] Haur eskola euskalduna nahi duten familien eskubidea bermatu beharra du Nafarroako Gobernuak
2017-07-18
Nafarroako haur-eskolen afera lantzen duen artikuluarekin amaiera emango diogu, aurten, Garbiñe Petriatik Info7 irratiko Gureaz blai saioan egin dituen kolaborazioen bildumari.
Hurrengo ikasturtean Nafarroa hegoaldeko hamalau ikastetxetan D eredua eskainiko duela jakinarazi du aste honetan Nafarroako Gobernuak.
Hizkuntza arrazoiengatik diskriminaturik egon diren zonaldeko herritarrek euskaraz ikasteko aukera zabalagoa izanen dute hurrengo ikasturtetik aurrera. Arrazoizko pausoa nafarren hizkuntza-eskubideen bermerako.
Marra asmatuen ondorioz bazterkeria egoeran bizi diren herritarren beste aldarrikapen historiko bat izan da Iruñeko haur eskoletan euskarazko hezkuntza eskaintzearena.
Iruindarrei euren haurrak elebidunak izateko aukera eskaini eta hizkuntza bazterkeriari amaiera ematen hasteko lehen urrats txalogarria eman zuen pasa den urtean Iruñeko Udalak.
Urtetan iraun duen arazo larri hau konpontzeko bidean beste urrats bat eman beharrean dago orain Nafarroako Gobernua berak dituen bost haur eskoletatik bakar batean ere ez baitu eskaintzen euskarazko hezkuntza.
Eskubide sozialekiko konpromisoa du ardatz eta oinarri 2015eko hauteskundeen ondotik sortutako gobernu honek.
Eta ekitatea, justizia soziala eta bazterketa-egoeran dauden pertsona eta kolektiboekiko engaiamenduan oinarritutako gobernu batek ezin ditu hizkuntza-eskubideak bazter utzi hizkuntza-eskubideez ari garenean oinarrizko giza- eskubideez, eskubide sozialez ari garelako.
Eskubide sozial bat delako haurrek euren bertako hizkuntza ezagutzeko duten eskubidea. Gainontzeko eskubide sozialekin batera hizkuntza-eskubideak bat gehiago direlako hizkuntza-eskubideak.
Eta ez eskubide sozial guztien zerrendan atzetik datorrena. Ez zerrendan azkena Nahiz eta askotan badirudien hizkuntza-eskubideak gainontzeko eskubideekin kontrajarriak planteatzen direla, ez da hala. Eskubide sozial bat gehiago dira hizkuntza-eskubideak.
Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean, berriki onartu den Donostiako Protokoloan, Vascuencearen Lege eskasean bertan, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunean, Nafarroako Arartekoaren gomendioetan eta Nafarroako gobernu akordioan bertan jasotzen da hezkuntza maila guztietan euskaraz jarduteko herritarrek duten eskubidea.
Eta eskubideak aitortzeak betebeharrak sorten ditu. Aipatutako araubide, lege, konpromiso eta akordio guztiek argi uzten dute haur eskola euskalduna nahi duten familien eskubidea bermatzeko betebeharra eta obligazioa duela Nafarroako Gobernuak.
Legegintzaldiaren bigarren urtea betetzera doan Gobernu honek ez du aldaketarik egin alor honetan eta ate joka dugu matrikulazio epea.
Gizarte justizia, oreka eta eskubideak oinarri dituen gobernu batek ezin du egoera injustu, desorekatu eta urratzaile hau sostengatzen jarraitu. Ez behintzat errespetuan, berdintasunean zein begirunean oinarritutako elkarbizitza eraiki nahi baldin badu.
Urtarrilean, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioaren idatzizko bertsioa da hau