[Iritzia] Ofizialtasunak, hizkuntza existitzen dela eta hizkuntza-eskubideak onartzea eta errespetaraztea dakar
2017-06-21
Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak Info7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioen bilduman bigarrena da hau. Idatzizko formatuan jasotzen ari gara iritziak. Oraingoan, euskararen ofizialtasuna du hizpide. Hizkuntzari eta hiztunoi laguntzen digula aitortzen du bere gogoetan, baina hori bakarrik ez dela nahikoa hizkuntza-eskubideen bermerako ere esaten du.
Nafarroako eremu mistoan sartzeko hainbat udalek egindako eskaerak eta pasa den igandean ospatu zen Herri Urratsek lehen mailara ekarri dute azken egunotan euskararen ofizialtasunaren gaia.
Ofizialtasuna ez da hizkuntzaren berezko ezaugarria, hizkuntza bati esleitzen zaion estatusa baizik. Administrazioak hizkuntza bati legalki onartzen dion estatusa.
Ofizialtasunak, hizkuntza hau existitzen dela eta normaltasunez baliatu daitekeela zehazten du, hizkuntza-eskubideak onartzea eta errespetaraztea ekartzen du.
Izan ere, ofizialtasunik EZ aitortzeak marko ezin hobea eskaintzen du, egunerokoan oso ohikoak diren gertaera hauek eman daitezen: osasun arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna, seinaletika eta hizkuntza paisaia erdara hutsean egotea, euskara irakas-hizkuntza izateko oztopoak aurkitzea, euskarazko kultur eta aisialdi jarduerak eskasak izatea, sal-erosketa jarduerak eta zerbitzuen kontratazioak erdaraz egin behar izatea…
Hau da, hizkuntza ofizialtasunik ez onartzeak lurraldeko hizkuntzaren hiztuna ikusezin egiten du ez dago euskal hiztunekiko inolako betebeharrik edo erantzukizunik.
Hortaz, hizkuntza-eskubideak garantizatuko badira ofiziala behar du izan euskarak.
Baina ofizialtasunak besterik gabe, berez, ekarriko du hizkuntza-eskubideak garantizatzea? Ofizialtasunak, sorgintasunen bat balu bezala, dena konponduko du?.
EZ. Izan ere, ofizialtasunak ez dauka eraginkortasunik berez eta besterik gabe.
Hasteko, hori bai, hiritarrari lurralde osoan eskubide berdinak aitortzea ekarriko du. Alegia, hizkuntza ofizialtasunez jazteak hizkuntza eskubideen aitortza osoa dakar berarekin, euskaldunon hizkuntza komunitatearen eskubide guztien bermerako oinarria.
Baina, ofizialtasuna ez da jarduera estatiko bat. Ofizialtasunak prozesu bat irekitzen du hizkuntza-eskubideak bermatzeko hartu beharko diren neurriek oinarri legala izan dezaten. Irizpide orokorrak jasoko dituen lege-marko orokorra ezartzen du, gero beste arau eta baliabide batzuen bitartez zehaztuko direnak eta sektore edota zonalde bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatuko direnak.
Euskarak harremanetarako eta bizimodurako tresna izatekotan behar duen baldintza da ofizialtasuna.
Eta euskarak Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaiko zonalde batzuetan ez du oinarri juridikorik, eta horrek hizkuntzaren garapena eta hiztunen eskubideak galarazten ditu.
Euskal hiztunek lanean, komunikabideetan, zerbitzu publikoetan eta eguneroko gorabeheretan euskararen bitartekotasuna lortzeko, euskaldunei euskaraz bizitzeko aukera eskaintzeko beharrezkoa da gaur egun ofizialtasunak dakarren inguru guztia.