Maiatzeko aipagarrienak
2022-05-31
2022ko maiatzean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan.
URRAKETAK
» Euskal Hiri Elkargoko harrera zerbitzua frantsesez eskaintzen da, baina euskaraz ez (arreta, komunikazio euskarriak…).
» Bizkaiko Foru Aldundiak errenta aitorpenerako mezuak eta oharrak gaztelaniaz helarazi ditu, eta ez du uneoro euskarazko arreta bermatzen.
» Udaltzaingo eta Ertzaintzarako lan-deialdien proba psikoteknikoak gaztelaniaz egin behar dira, euskarazkoak ez daudelako homologatuak.
» Nafarroako Ogasunean euskarazko arreta telefonikoa ez da uneoro bermatzen.
» Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Crossovers Series jaialdian, 14 saiotatik 2 euskaraz.
» Baionako Herriko Etxeak, herritarrentzako informazioa frantses hutsean helarazi du.
» Decathlon enpresak denda batzuetan ez du euskara kontuan hartzen bezeroei ohar eta informazioa zabaltzerakoan.
» Iruñeko Udalaren webgunean ez dago eduki guztia euskaraz.
» Ostalaritzako hainbat negoziotan mezu eta oharrak gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez jartzen jarraitzen da, baina euskaraz ez.
» Euskotreneko segurtasun zerbitzuetan ez da euskarazko arretarik bermatzen.
» Berako liburutegian ez da euskarazko arreta bermatzen.
» Nafarroako hainbat osasun etxetan gaztelania hutsezko orri eta informazioa banatzen da herritarrentzat.
» Osakidetzan euskarazko arretarik bermatzen ez dela esanez hainbat kexa jaso dira.
» Nafarroako Gobernuko webgune ezberdinetan informazioa eskuratzeko gaztelaniara jo behar da eta Gazteriaren Institututik gutunak gaztelania hutsean bidali zaizkie gaztetxoei.
» Telefono konpainiek publizitatea erdara hutsean zabaltzen jarraitzen dute.
ZORIONTZEAK/ESKER ONAK
» Plazaolako Orhy, Txantreako Malatesta, Durangoko Momotxo eta Donostiako The Morgan jatetxe eta tabernei, euskarazko arreta eskaintzeagatik eta euskarazko prentsa izateagatik.
» Iruñeko Artika auzoko gasolindegiari, euskaraz artatzeagatik.
LORPENAK
» Zerga Administrazioko Espainiako Agentzia aurrerantzean bere webgunean euskarazko aukera bermatzeko neurriak hartzera konprometitu da.
» Odol emaileen web orriaren sakeleko bertsioa euskaraz erabili daiteke.
» Hernaniko eraikin publiko bateko segurtasun neurriak euskaraz jarri dira.
» Eroski gasolindegietako tiketetan informazio guztia euskaraz eskaintzeko neurriak hartuko dira.
» Osasunbideak hurrengo egokitzapen informatikoetan SMS bidezko komunikazioetan euskara txertatzeko asmoa erakutsi du.