Maiatzeko aipagarrienak
2025-06-02

2025eko maiatzean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» Nafarroako Gobernu Irekitik legeak ezarritako eremu euskalduneko udalerriei, euskaraz egindako eskaera eta proiektu aurkezpenei erantzunez, ebazpena, jakinarazpena eta dokumentu guztiak gaztelaniaz bidali zaizkie.
» ONCEk martxan jarritako bi webgune berrietatik bat ezin daiteke euskaraz kontsultatu eta bestean euskara hautatzeko aukera eman arren, informazioa gaztelaniaz ageri da.
» Bilbon UEFA Europa League-ren baitako hizkuntza-paisaian euskararen presentzia urria salatu dute herritarrek.
» Telekomunikazio enpresa batzuek euskarazko telefono arreta eskaini gabe jarraitzen dute.
» Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziotik toki-entitateetako langileentzako ikastaro eta formazioa gaztelaniaz soilik eskaintzen dela salatu dute.
» Enpresek, kate-handiek, gimnasioek… euskarazko arreta eta informazioa ez dutela bermatzen salatzen hainbat kexa izan dira.
» Bilboko 7. epaitegiko telefonora deitu duen herritarrak gaztelaniaz egin behar izan duela salatu du, beste aldean zegoenak ez zuelako euskara ulertzen.
» Donostiako Sade zinemek duela hilabeteak webgunea euskaratuko zutela agindu arren, oraindik ez dute euskaraz erabiltzeko aukerarik ematen.
» Akitania Berria, Euskadi, Nafarroako Euroeskualdea osatzen duten administrazioek gaztelania hutsean argitaratu dute lan-eskaintza prentsan. Curriculuma frantsesez eta gaztelaniaz bidaltzeko eskatzen dute.
» Donostian antolatutako sarietan Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak hasierako agurra eta hitzaldi guztia gaztelaniaz egin zituela salatu dute.
» Barakaldoko alkateak eta dinamizatzaile batek ikasle euskaldunen aurrean hitzaldia ia osotasunean gaztelaniaz egin zutela salatu dute.
» Nafarroako Osasun Departamentuak utero-lepoko minbiziaren prebentzio kanpainaren barruan etxeetara bidalitako eskutitza gaztelania hutsean dago.
» San Sebastián Moda Festivaleko aurkezleak hasierako agurra ez ezik, gainerako guztia gaztelaniaz egin zuela salatu dute.
» Santander Banketxearen webgunea ezin daitekeela euskaraz kontsultatu ezta erabili ere salatu dute.
» Iruñeko musika eskola publikoan eskaintza osoa (musika tresnak) gaztelaniaz egiten dela salatu dute.
» Basauriko udaltzain batek ez duela zertan euskaraz hitz egin erantzun dio hala nahi zuela adierazi dion herritar bati.
» MRW bidalketa enpresaren webgunean ez dago euskara hautatzeko aukerarik, bai ordea katalana.
ZORIONTZEAK/ESKER ONA
» Gasteizko VivaGym gimnasioari, kartela guztiak euskaraz jartzeagatik.
» Añorbeko Kasino tabernari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.
» Bilboko IMQren prebentzio zerbitzuetan dauden langileei, euskaraz artatzeagatik eta medikuari herritarraren fitxa euskaratzeagatik.