Nafarroako Parlamentuak muzin egin dio hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostuen afera tratatzeari

2022-02-17

Card image cap

Pasa den urtarrilean UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Parlamentuan egindako salaketaren harira, Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko zerbitzu eta arreta eskaini eta egoitza elektronikoan tramite guztiak euskaraz egin ahal izatea eztabaidatu da gaur Parlamentuan. 

Izan ere, adibide bat jartzearren, herritarrek bide tramiteen %23 soilik egin ahal dituzte euskaraz, udalen kasuan ehunekoa %2,5era jaisten delarik. Departamentuetako edozein tramite edo zuzeneko arreta edo arreta telefonikoa jasotzean ere ia ezinezkoa egiten da euskarazko zerbitzua jasotzea eta zenbaitetan albo kalte-ondorioak jasan behar izaten dira. 

Gaur Nafarroako Parlamentuko alderdiek ondorengoa onartu dute: 

  1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Gobernuaren beraren eta honen erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko edukiak, tramitazioak zein bestelako jarduerak modu integralean euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea, helburu hori lortzeko beharrezkoa den plangintza eginez. 
  2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio aurreikus dezan, egoitza elektronikoan tramite zein bestelako eginbideak euskaraz egin ahal izateko, dauden beharren ebaluazio bat egitea Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean. 

Aldiz, ez da onartu herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko arreta berdintasunean bermatze aldera Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean beharrezko lan-postu elebidunak ezartzea. 

Dekretu zirriborroa atzera botatzeko garaiz gabiltza 

Guk irakurketa argia egiten dugu, Departamentuetan euskaraz zerbitzuak emateko gaituak dauden lanpostuak ezartzen ez badira, ezin daitezke bermatu euskarazko arreta ezta tramite elektroniko guztiak euskaraz egon ahal izatea. Eta noski, hori Nafarroa osoan egin behar da. Horren adibide argia dugu udalerri euskaldunena, non lege babes handia duten arren, 15 urtetan tramiteen %2,5a bakarrik egin ahal duten euskaraz, batik bat, zerbitzu zentralak eremu mistoan kokatuak dituztelako. 

Bestalde, arreta ez da soilik telefono edo leihatila zehatz batzuetan dauden lanpostuetan ematen. Departamentu guztiek dituzte herritarrekin nolabaiteko harremanak eta beraz, departamentuz departamentu hartu behar dira neurriak bakoitzaren osotasunean. 
Beharrezko lanpostu elebidunak ezartzeaz gaindi, nahitaezkoa eta urgentea da merezimenduen dekretua herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari begira erregulatzea. Oraindik garaiz gabiltza funtzio publikoaren mahaian aurkeztu den zirriborro hori atzera botatzeko. 

Ezin genitzake gaurkoa bezalako erabakiak hartu, lanpostu eta deialdietan neurri egokiak hartu gabe, adierazpen hutsalek ez dituzte Nafarren eskubideen aitortza, kohesioa eta justizia bermatzen. 

Nafarroa osoko herritarrei deia 

Azkenik, dei egiten diegu Nafarroa osoko herritarrei beraien eskubideak aldarrikatu eta zerbitzu eta tramite guztiak euskaraz egin ahal izatea eskatu dezaten eta, hala bermatzen ez zaienean, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo dezaten urraketa kasu bakoitza dokumentatze aldera. Gaurkoa bezalako adierazpenei konpromiso zehatzak exigitzeko eta eskubideen urraketen betikotzea normalizatu ez dezagun. 

UEMA-Behatokia