Nafarroako Gobernuaren zerbitzu publikoetan ezin dira herritarren eskubide guztiak bermatu
2022-03-22
Gaur, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak azken hilabeteetan garatu duen Nafarroako Gobernuko departamentu desberdinetako plantilla organikoaren azterketa eta ondorioak aurkeztu ditu Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak. Azterketaren xedea izan da herritarrek administrazioaren aurrean dituzten eskubideak, zehazki hizkuntza-eskubideak, bermatzen ote diren ezagutzea.
Behatokitik hainbatetan adierazi izan dugun bezala, Nafarroako Gobernuak ez ditu behar bezala bermatzen herritar guztien hizkuntza-eskubideak, hau da, euskara ikasi edo administrazioarekin erabili ahal izatea. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak duen helburu eta betebehar garrantzitsu bat ez du behar bezala aurrera eramaten: Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena bultzatzearena.
Izan ere, herritarren eskubideak bermatu eta euskararen erabilera sustatzeko, euskara ikasteko baldintza egokiez gaindi, funtsezkoa da herritarrari euskara eroso erabili ahal izateko espazioak eskaintzea. Eta hori, administrazioarekin ditugun harremanetan behar bezala bermatu gabe, nekez zabaldu daiteke gizarteko beste espazio batzuetara.
Bestalde, Nafarroa guztiko herritarrak administrazio sistema berdinaren pean dauden heinean, ezin dira betebehar horiek mailakatu, argi ikusi baita, hizkuntza eskubideak lurralde eremuaren arabera zatitzeak Nafarroa osoko herritarrak kaltetu eta herritarren arteko berdintasun eza sortzen duela.
Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskara eroso erabili dezaten, behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko lanpostu elebidunak ezartzea. Horrela, herritarrek edozein tramite, kontsulta, informazio edo azalpen euskaraz inongo albo kalte ondoriorik jasan behar izan gabe jaso edo aurrera eraman ahalko lukete. Izan ere, ez da nahikoa lanpostu gutxi batzuei hizkuntza profila ezartzea, horrek zerbitzu-sistema osoa baldintzatu eta administrazioaren efikazia oztopatu dezakeelako.
Merezimenduen Dekretu berriak herritarren eskubideak mugatuko ditu
Baina ez hori bakarrik, egungo Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren argazkiak (eranskineko datuek hori argi erakusten dute) ezinezkoa egiten du herritarrak administrazio ezberdinetan euskara erabili ahal izatea. Hori gutxi balitz, lan-deialdi publikoetarako Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak, egungo argazki hori hobetu ordez, eta lanpostu publikoetan euskarazko zerbitzua bermatzea bultzatzeko merezimendu neurri egokiak hartu beharrean, euskara erabili nahi duten herritarren aitortza gutxietsi eta hauen hizkuntza eskubideak eremu gutxi batzuetara zokoratu eta mugatuko ditu.
Hainbat galdera sortzen zaizkigu. Adibidez, Departamentu guztietako lanpostuetan perfil elebidunak ezarri eta etorkizuneko deialdi publikoetan euskararen merezimendua behar bezala eta Nafarroa osoan puntuatzen ez bada, nola ezarri behar da euskarazko zerbitzua eta arreta? Halaber, nola bermatuko zaio euskara erabiltzen duen herritarrari, bere mezua ongi ulertuko dela edo gaztelania erabiltzen duen herritarren berme eta azkartasun berberarekin artatuko dutela? Zerbitzu zentraletan legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrek ez al dute eskubiderik? Eta legeak ezarritako eremu ez-euskalduneko herritarrei, zergatik ukatu behar zaie administrazioarekin euskara erabili ahal izateko eskubidea?
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak nafar guztien eskubideak kontuan hartzea eskatzeko «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» lemapean abiatu duen kanpainarekin eta aldarrikapenarekin bat egiten du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.
ERANSKINA
Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren argazkia
Ondorengoa da Nafarroako Gobernuko departamentu batzuetan egun den egoera:
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua
Departamentuko 1.253 lanpostutik soilik 39 lanpostu dira elebidunak Departamentu osoan, Foruzaingoak aparte.
Suhiltzaileen parkeetako 601 lanpostuetatik, lanpostu elebidunak guztira 16 dira soilik.
- Altsasu-Auritzeko parkea: 54 lanpostutatik 5 elebidunak.
- Lizarrako parkea: 59 lanpostutatik 1 elebiduna.
- Lodosa-Azkoieneko parkea: 72 lanpostutatik ez dago elebidunik.
- Nabaskoze-Zangozako parkea: 59 lanpostutatik ez dago elebidunik.
- Oronoz parkea: 42 lanpostutatik ez dago elebidunik.
- Iruñeko parke zentrala: 206 lanpostutatik 9 dira elebidunak.
- Tafalla: 60 lanpostutatik ez dago elebidunik.
- Tutera: 49 lanpostutatik ez dago elebidunik.
Nafarroako S.O.S. atalean, 56 lanpostutatik, ez dago lanpostu elebidunik.
Gazteriari lotutako hainbat sailetan (Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazteriaren Behatokia, Gazteriaren Programetarako Atala, Gazte Elkarteekin Negoziatzeko Atala…) 9 lanpostu daude, horietatik bakar batek ere ez du euskararen nahitaezko ezagutza ezarrita.
Justizia sailean (79 lanpostu), Informatika, Telekomunikazio eta Berrikuntzako Sailean (125 lanpostu) edo idazkaritza sekzio nagusian (23 lanpostu) ez dago euskararen nahitaezko ezagutza duen lanposturik.
Foruzaingoan, bestalde, 1.312 lanpostutik, 22 dira profil elebidunekoak (B2 maila), 17 eremu euskalduneko lanpostuak (%1,3), 4 eremu mistokoak (%0,38). Adibideak:
- Iruñeko Salaketak eta Herritarren Arretarako Atalean, 19 lanpostutik, 1ek soilik du B2 profila.
- Bide Segurtasunerako Atalean, 104 lanpostu daude Iruñean, eta ez dago euskararen nahitaezko ezagutza duen agenterik.
- Eremu euskaldunean ere agente gehienek ez dute euskarazko profil elebidunik.
- Legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean ez dago euskarazko profila duen agenterik.
Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua
68 lanpostu daude, ez dago euskararen nahitaezko ezagutza duen lanposturik.
Lurralde Kohesiorako Departamentua
259 lanpostutik, euskarazko profila duen lanpostu bakarra dago: %0,39a.
Ekonomia eta Ogasun Departamentua
518 lanpostutik, 12k dute euskararen nahitaezko ezagutza (%2,32 inguruk).
Adibidez, Zergadunen Asistentzia eta Informaziorako Atalean, 33 lanpostu daude eta lanpostu bitan soilik da nahitaezkoa euskararen ezagutza (C1 maila).
Nafarroako Estatistika Institutuan, Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan edo Idazkaritza Tekniko Nagusian lanpostu elebidun bana aurkitu dezakegu.
Zergadunarekin Harremanetarako Atalean, 31 lanpostutik bakarrak du profil elebiduna.
Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua
Departamentu guztian, 103 lanpostutik, ez dago euskararen nahitaezkotasuna duen lanposturik.
Osasun Departamentua
Osasunbidetik kanpo, Departamentu honen atal ezberdinetan profil elebiduna duten lanpostu bi bakarrik daude zerbitzu zentraletan.
Profil elebiduneko lanpostu gehien dituen Departamentua izan arren, ez da %3ra heltzen (%2,3 inguru), eta lanpostu elebidun gehienak Osasunbideako eremu euskaldunean kokatzen dira. Halaber, zerbitzu zentraletan dauden lanpostu elebidun gehienak erizainenak dira (hala ere oso gutxi dira, 47 bat Departamentu osoan eta plaza gehienak hutsik daude) eta arlo batzuetako datuak larriak dira. Adibidez:
- Zeladore lanpostu bik bakarrik dute euskararen derrigortasuna.
- Legeak ezarritako eremu euskaldun osorako, 7 mediku lanpostuk soilik dute euskararen derrigortasuna.
- Espezialitate guztiak aztertuta (kardiologia, geriatria, psikiatria, ginekologia, erreumatologia, anestesia, endokrinologia….) ez dago Nafarroa osoan euskarazko nahitaezkotasuna duen espezialista lanposturik.
- Nafarroako osorako profil elebiduna duen psikologo kliniko bat eta terapeuta okupazional bakarra daude.
- Nafarroa osoan lehen arretako 69 pediatria lanpostu daude, horietatik 9k dute euskararen nahitaezko ezagutza (B2 mailan), 7 eremu euskalduneko lanpostuak dira, 2 soilik eremu mistoan (bat hutsik) eta legeak ezarritako eremu ez euskaldunean ez dago euskararen ezagutza duen lehen arretako pediatria lanposturik.
Larrialdi pediatrikoetan ere, eremu mistoan kokatzen direnak, ez dago profil elebiduna duen lanposturik.
Kultura eta Kirol Departamentua
Guztira Departamentuan 221 lanpostu daude, 9k dute euskararen nahitaezkotasuna ezarrita (%4).
- 9 horietatik bakarra dago zerbitzu zentraletan (bulegoburu lanpostu bat).
- Departamentu honen barruko liburutegi publikoetako sarean, Nafarroako 76 liburutegitatik (128 lanpostu guztira), 8 arduradun lanpostuk soilik dute euskarazko profila. 8 horietatik 7 eremu euskaldunetako liburutegietakoak dira. Beraz, legeak ezarritako eremu ez-euskaldun eta eremu mistoko 71 liburutegitan, euskararen nahitaezko ezagutza duen lanpostu bakarra dago (Iruñeko 9 liburutegietako batean). Legeak ezarritako eremu euskaldunean ere, Lesaka eta Berako liburutegietako arduradun lanpostuek ez dute euskararen nahitaezkotasunik ezarrita.
- Museoen ataletan, ez dago profil elebidunik duen lanposturik, ezta Nafarroako artxibo ezberdinetako sailetan ere.
- Kirolari lotutako sailetan ere ez dago euskararen nahitaezko ezagutza duen lanposturik.
Eskubide Sozialen Departamentua
Eremu euskalduneko enplegu agentzia batzuetan eta haur eskoletako hezitzaile lanpostu batzuetan soilik daude euskarazko profila duten lanpostu bakan batzuk.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua
Ez dago profil elebiduna duen lanposturik.
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua
Ez dago euskarazko profila duen lanposturik; bai, ordea, ingeles edo frantses profilekoak.
Oharrak:
- Kontseilariak eta beraien gabineteak kanpo utzi ditugu (ez dago lanpostu elebidunik).
- Hizkuntza-eskakizuna ezarrita duten lanpostu batzuk bete gabe daude.
- Lanpostuak profil elebidunik izan ez arren, betetzen duen langileak euskararen ezagutza izan dezake, baina gutxi dira eta ez dira nahikoak sail guztietan euskarazko zerbitzuak bermatzeko.