Nafarroan euskaraz ikasteagatik bizi duten injustizia konpontzeko konpromisoak hartu beharra nabarmendu dute
2014-05-20
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Nafarroako hainbat zonaldetan euskaraz ikasteko dauden ezintasunen berri eman dute kaltetuen izenean Argi Rusek eta Lurdes Mendibilek. Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik familia hauek bizi duten injustizia salatu eta egoera honen erantzule politikoei berehalako konponbidea exijitu die. Talde guztiek esan dute egoera honi irtenbidea bilatu behar zaiola. Hori aintzat hartuta, Behatokiak jarraipen estua egingo dio gaiari hori horrela izan dadin.
Batzordekideen aurrean hitz egin dute Artaxoako eta Mendigorriako amek (Maite ditugulako dokumentaleko protagonistak), Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatirekin batera. Bertan jasaten ari diren injustiziaren berri eman diete batzordekideei. Parlamentura jotzearen arrazoia azaldu du Petriatik: "Hona etorri gara egoera honen konponbidea hemen dagoelako. Egoera honekin bukatzeko giltza hemen dagoelako", esan du.
Horrekin batera, egoera horren erantzule zuzenak diren heinean, eskaera zehatza egin die Behatokiko zuzendariak: "urgentea da herritar hauen egoera hobetuko duten neurriak berehalakoan aztertu eta martxan jartzea. Neguaren gordina nozitzen hasiak gara eta arriskuak areagotu egiten dira. Irtenbidea orain eman behar zaio bidegabekeria honi. Eta, hain zuzen ere, hori da orain zuetako bakoitzarengandik entzun nahi duguna, zein urrats emango dituzue zein konpromiso hartzeko prest zaudete, urtarrilean, oporretatik bueltan, familia hauen bizi-baldintzak gaintzeko nafarren parekoak izan daitezen?", galdetu die Petriatik parlamentariei.
Hezkuntza batzordeko eledun guztiek eskertu dute kaltetuak beraiek arazoa aurkeztera joan izana eta beren egunerokoa hain gordin azaltzea.
UPNko eledunak "injustizia" eta "diskriminazioa" bezalako hitz "erradikalak" ez dituela erabiliko argitu ondoren, Vascuencearen legea errespetatzen dutela eta lege horrek garapen bat izan duela argitu du. Honela, beren seme-alabak beren herrietan D ereduan matrikulatu ezin dituzten guraso hauen aldeko neurririk ezin dutela hartu argudiatu du, hori beraien aldeko diskriminazioa izango litzatekeelako eta horrek egungo hezkuntza sistema bera kolokan jarriko lukeelako. Behatokiko zuzendariak erreplikan argi erantzun dio: "hitz horiek erabiltzen ditugu pertsona hauek pairatzen ari direna injustizia eta diskriminazio egoera delako; hitz horiek ez erabiltzeko modu bakarra egoera horiei irtenbidea ematea da eta hori da zuei dagokizuena". Ildo beretik, UPNko eledunak guraso horien hautua errespetatzen duela esan du eta bere egitekoa errespetatzea baino bermatzea dela argitu dio Behatokiko zuzendariak. Dena dela, Nafarroako Gobernuan dauden heinean haur horien ibilbideak aztertu eta irtenbideren bat bilatzen saiatuko direla esan du UPNko ordezkariak.
Ildo beretik hitz egin du PPko eledunak. Vascuencearen legearen alde daude eta lege ona dela uste dute. Dena dela, honek ere arazoa aztertu eta irtenbideak bilatzearen alde egin du.
PSNko eledunak Vascuencearen Legearen 26. artikulua irakurri eta guraso hauen eskubideak bermatzeko ez dagoela legea aldatu beharrik argudiatu du. Legeak ez omen du "eremu ez-euskalduna" deitutako horretan D ereduko ikastetxeak eraikitzea galerazten. Guztia borondate politikoaren esku dagoela esan du, baina legea aldatu gabe eskubideak bermatzeko neurriak hartzea Nafarroako Gobernuari dagokiola, ez Nafarroako Parlamentuari. Hala ere, beraiek ere gaia aztertu eta irtenbideak bilatzearen alde lan egiteko prest agertu dira.
Azken ideia honen harira, Ezkerra-ko ordezkariak zorrotz erantzun dio PSN-ko eledunari: "zergatik zuek gobernuan zeundetenean ez zenuten Ezkerrak ildo horretan aurkeztutako proposamenaren alde egin?" eta gonbita luzatu dio orain proposamen bat egin dezaten, gehiengoa dutela eta aurrera aterako dela azalduz. Ezkerrak D eredua Nafarroa osoko irakaskunzta publikoan eskaintzearen alde egingo duela gaineratu du eta argi utzi du kasu honetan ez duela zerikusirik ikastetxea hautatzeko askatasunak eta eredua hautatzekoak "lehen kasuan nahi dutelako hautatzen dute eta bigarrenean beste aukerarik ez dutelako".
Ildo beretik hitz egin dute Bildu eta Nabai-ko eledunek, alegia, arazoa Vascuencearen Legean bertan dagoela eta beraiek legearen aldaketa nahi dutela, baina bien bitartean guraso eta haur hauei irtenbideak bilatu behar zaizkiela, premiaz, pairatzen duten injustiziari amaiera emateko. azaldu dute. UPN eta, batez ere, PSN-ri galdegin diote Legea aldatu gabe eskariari erantzunez eskubideak bermatzeko aukera dagoela dioten heinean, bide horretatik pausoak eman ditzatela.
Bazterkeria eta injustizia egoera hau sortu eta sostengatzen duena legedia bera da. Vascuencearen Legea da. Legeek pertsonen arteko harremanak berdintasunean arautzea dute helburu. Eta helburu horrekin onartu dira nazioartean hainbat hitzarmen eta deklarazio eta araudi.
Egoeraren berezitasuna ere aipatu du Petriatik: "Hau ez da beste inon gertatzen. Nafarroan soilik gertatzen da. Eta halaxe salatu dugu Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko Gutxiengoen Aferetarako Aditu independenteen foroan pasa den azaroaren 27an Genevan".
Konponbidea nondik etorriko den ere aipatu du Behatokiko arduradunak: "Diskriminazio eta injustizia egoera honen behin betiko konponbidea Nafarroako herritarrei eskubide berberak aitortzetik etorriko da, zalantzarik gabe".
Herritarrak, bizilagunak, familia, auzokideak, herri erakundeak eta abar ari dira familia hauei babesa eta elkartasuna eskaintzen, baina ez dute botere publikoengandik babesik jasotzen. Utzikeriaz jokatzen dute agintariek, euren egiteko eta betebeharrekin. Eta berandu baino lehen horrekin amaitzeko eskatu diete Parlamentariei.