Notariotzek behingoz euskarazko zerbitzuak bermatzea eskatu du Behatokiak
2025-02-19

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak notaritzek herritarrei euskarazko arreta eskaintzea erreklamatzeari ekin dio. Horretarako, Espainiar Estatuko Herritarren Defendatzaileari, EAEko eta Nafarroako Notario Elkargoetako arduradunei gaia aztertu eta gomendioak emateko eskatu die.
Herritarren kexak urtero
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azpimarratu duenez, «urtero herritar askok jotzen dute Behatokira notario zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea duten ala ez argitzeko, edota euskaraz lan egiten duen notarioren bat gomendatzeko eskatuz. Oinarrizko zerbitzu publiko horietan euskaraz aritzeko eskubidea eta euskarazko dokumentazioen fede emate zein informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua izan beharko genuke, Euskal Herri osoan gainera. Hala ere, errealitatea bestelakoa da: herritarren bizitzetan eginbide garrantzitsuak izan arren, horiek euskaraz aurrera eramateko aukera askotan mugatua edo partzialki onartua izaten da», adierazi du.
Egoera honen erakusle da urtarrilean bertan Zarauzko herritar batek Euskararen Telefonoan salatutako kasua: «Gestioa bera eta dokumentazioa euskaraz egin nahi nituela aipatu nion eta beraiek ez dutela euskaraz lan egiten erantzun zidan».
Behatokiaren iritziz ez da onargarria. Izan ere, notariek zerbitzua euskaraz emateko legezko betebeharra dute euskara ofiziala den herri edo hirietan. Oinarri juridikoa argia da: Erregelamendu Notarialeko 149. artikuluak ezartzen duenez, notario-ekintzak aldeek adostutako hizkuntza ofizialean idatzi behar dira. Eta desadostasunik egonez gero, dokumentua eskatzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean egin beharko litzateke. Beraz, euskara ofiziala den tokietan, agiri publikoak euskaraz egiteko ez litzateke inolako oztopo juridikorik egon beharko. Gainera, Notarioa dokumentua herritarrak aukeratu duen hizkuntza ofizialean egitera behartua dagoela ulertzen dugu.
Horrez gain, notarioa fede emailea denez, ulertzen ez duen hizkuntza batean esaten denaren inguruan fede emateko ezintasuna duen kasuetan, azken finean, ezin dezakeelako ziurtatu zer esaten den, gogoratu behar dugu notarioak gaitasuna, legitimitatea, borondatez eta askatasunez jarduten dela eta eginikoa indarrean dagoen araudira egokitzen dela soilik ziurtatu behar dituela. Beraz, euskararen ezagutzarik ez duten notarioek fede emateko itzulpena egiteko aukera izango lukete, baina kostua herritarrari egotzi gabe. Kasu honetan, dokumentua bi hizkuntzetan erregistratuko litzateke, baina herritarrak eskubidea izango luke berak aukeratutako hizkuntzan jasotzeko. Hori dela eta, Behatokiak EAEko eta Nafarroako Notario Elkargoei eskatu die herritarrek notaritzako zerbitzuak euskaraz egin ahal izatea bermatzeko neurriak har ditzala.
Notario elkargoen erantzuna
Alde batetik, EAEko Notarioen Elkargoak eskaerari emandako erantzunean baieztatu egin ditu Behatokiak egindako ohartarazpenak: «eskriturak egiteko aukeratzen den hizkuntza koofizialaren arabera ez da bereizkeriazko tratamendurik gertatu behar. […] Notarioak, aldiz, euskaraz ez badaki, euskaraz idatzitako agiria Notario Elkargoak ezarritako zerbitzuek itzuli egingo dute. Eta itzulpen horrek ez du ez zeharkako ez zuzeneko kosturik izango eskatzailearentzat». Elkargoak zehaztu du notaritza guztiei jarraibideak eman ohi dizkiela erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta langile elebidun kopuru nahikoa izan dezatela gomendatu ohi diela. Azkenik, Elkargoak ohartarazi du eskatutako itzulpenen batez besteko denbora hiru egun baliodunekoa izango dela. Gainera, banketxeek eta higiezinen enpresa sustatzaileek egindako agiriak ele bitan itzuli behar badira, erakunde horiei egokituko zaie itzulpena egitea, kontsumitzaileak edo erabiltzaileak bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea berariaz aukeratzen ez badu behintzat.
Bestalde, Behatokiak ez du oraindik Nafarroako Notario Elkargoaren erantzunik jaso.
Goian aipatutakoak euskara ofiziala den eremuetan soilik aplikatzen diren arren, Behatokiak gainerako eremuetara ere zabaldu nahi du notaritzetako zerbitzuetan euskara erabiltzeko eskubidearen aldarria. Beraz, ofizialtasunetik harago, euskarazko zerbitzua jasotzeko arazoak dituzten edo gaztelania erabiltzera behartuak diren herritarrei dei egiten die kasuak salatzera, www.euskararentelefonoa.eus webgunean edo 948 146 172 telefonoan.