NUPen Erizaintza euskaraz ikasi ahal izateko eskaera
2018-01-30
Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, STEILAS eta Iruñeko Euskalgintzarekin batera gaur goizean eginiko agerraldian Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintza Eskolak bizi duen egoera negargarria aldatzeko urratsak ematea eta Erizaintza ikasketak euskaraz eskain ditzatela eskatu diegu Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Gobernuari
Agerraldian Osasunbideako erizain bat, NUPen erizaintza gradua ikasten ari den ikasle bat eta erizaintza eskolak euskaraz ikasi ahal izateko Ibaetara joan behar izan duen ikasle bat aritu dira euren egoeren berri ematen.
Bakartxo Razquin Bozal Osasunbideako erizainak argi azaldu duen bezala, “urteetan ez da ezer egin herritarrak euskaraz artatuak izan daitezen, eta hori aldatzeko ezinbestekoa da lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ezartzea. Horretarako Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta osasungintzarekin zerikusia duten ikasketak (Erizaintza gradua) euskaraz eskaintzea lehentasunezkoa da”.
“Erizaintzako ikasleen erdia baino gehiago euskaldunak garela kontuan izanik, ulergaitza da euskarazko eskaintzarik ez egitea. Eta horrela egin ezean, zaila da ondoren zerbitzua euskaraz eskaintzea” gaineratu du Markel Flores Reparaz, NUPeko ikasleak. Horrek herritarren hizkuntza-eskubideak urratzea dakar, baita osasun zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzea ere, izan ere osasun zerbitzuetako profesionalekin konfiantza eraiki eta diagnostiko egoki bat emateko hizkuntza giltzarria da.
Egun bi ikasgai besterik ez dira euskaraz eskaintzen NUPeko erizaintza graduan eta horrek Nafarroako ikasleak kanpora joatea behartzen ditu. “NUPeko plan estrategikoan ikasleak erakartzeko ildoak zehazten diren arren, graduak euskaraz eskaintzen ez dituenez, kanpora joan behar izaten dugu horrek guztiak eragiten digunarekin” azpimarratu du Lorea Martínez Suárez EHUko ikasle nafarrak.
Horrela bada, azaroan jada NUPen euskara gidatu behar duen planak norabide aldaketa behar zuela aldarrikatu genuen eragileok, Nafarroako Unibertsitateko Publikoari eta Nafarroako Gobernuari gaiari behar bezala heldu eta Erizaintza euskaraz ikasi ahal izateko neurriak har ditzatela eskatu, eta horretarako gure prestutasuna eskaintzen diegu.