[iritzia] Ofizialtasuna berdintasuna da

2026-03-10

Card image cap

Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria 

Jakina da gizakiok idatzitakotik, norbere nahi eta iritzien araberako interpretazioak egiteko gaitasun berezia dugula (batzuk beste batzuk baino gehiago). Pertsona baten jatorriari edo izaerari helduta ezaugarri eta ezjakintasunak ere egozten zaizkio.

Ba ongi ezagutzen dut Nafarroa osoa eta bere egoera soziolinguistikoa eta horregatik egiten dut ofizialtasunaren defentsa, Nafartarrek berdintasunean euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten baina baita euskara, berezko hizkuntza dena, Nafarroa guztian loratu dadin. Justizia errestauratiboa edo zuzentzailea deitzen zaio, ekitatez jardutea baina noski,  norbaitek ukatuko al du beste behin Nafarroako hegoaldeko berezko hizkuntza ere badela euskara? Hamarkadetan “euskara Nafarroako ipar eremuko hizkuntza soilik da” mezua zabaldu izan da, euskara jazartua izan da, pertsona etorri berriei euskara ezagutzea ukatu zaie eta noski, hizkuntza hegemonikoa ezarri zaie… baina hortaz gutxi hitz egiten da. Ordezkatzen dudan eragileak, egun euskara dakitenen eskubideak ez ezik, euskara ikasi eta erabili nahi dutenen edo etorkizunean euskaraz bizi nahi dutenen eskubideak ere defendatzen ditu. Pentsaera nazionalistak omen ditugu batzuk, lurralde eremu batean euskara eta hizkuntza eskubideak ukatzen dituztenen pentsaerak zer dira ba?

Euskara eta Euskal Herriaz hitz egitea, euskararen herria eta lurraldeaz hitz egitea da. Ezin ukatu beraz Nafarroa ere badela euskararen herria, baina Nafarroako Parlamentuan ofizialtasuna aldarrikatzean lurralde administratibo honetako aitortzaz baino ez naiz ari (baten bat nahastu dela esango nuke, gaia argitzeagatik).

Foru Hobekuntzaren Legearen aldaketa beharraz hitz egiten dudanean, noski, egungo jendartera egokitzeaz ari naiz, gizarte demokratiko, justuago eta berdinzaleago batera egokitzeaz, ez zapalkuntza eta bereizkerien ondorioz sortutako egungo euskararen ezagutza datuek mugatutako hizkuntza politika egiteaz. Bide batez esanda, azken hamarkadatan emandako aurrerapausoak herritarren determinazioari esker izan dira, egoera makurrenetan ere euskararen hazia loratzeko proiektu, ahalegin eta aldarrikapenak egin dituzten herritar eta eragileei esker lortutakoak.

Bestalde, noski, hizkuntza eskubideak feminismoari lotzen jarraituko dut, horiek bai dira feminismoaren oinarriak, inor inoren gainetik ez egotea eta ondorioz hizkuntza bat beste baten gainetik ez egotea (eta ondorioz hiztunak) edo ukatuko al du norbaitek euskararen lurralde osoan euskara minorizatutako eta zapaldutako hizkuntza denik eta babes eta sustapen bereziak behar dituenik? Hori ukatzen dutenak ere ez zaizkigu falta Nafarroan tamalez.

Beraz, jarraituko dugu bai, lurraldea ongi ezagutzen eta eguzkipean tinko gure izena, izana eta lanaren kontra zerbait dutela ematen dutenei erantzuten. Euskara gara, euskaraz gara. 

 

Noticias de Navarran argitaratutako iritzi artikulua: 
https://www.noticiasdenavarra.com/opinion/cartas-al-director/2026/03/07/ofizialtasuna-berdintasuna-da-10791326.html