Hizkuntz Eskubideen Behatokiak uko egin dio Observatorio Global del Españolen jardunaldietan parte hartzeari
2025-05-19

- Behatokiak salatu du jardunaldiek gaztelania sustatzea dutela helburu, euskararen kaltetan.
- “Observatorio Global del Español” erakundearen helburuak zuzenean kontraesanean daude euskararen biziraupenarekin eta normalizazioarekin.
- Espainiako Gobernuari eskatu diote neurriak har ditzala hizkuntza eskubideen urraketak saihesteko eta euskaldunen eskubideak bermatzeko.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak uko egin dio maiatzaren 19tik 21era Logroñon egiten ari diren Hizkuntza eta Kulturen Behatokien Nazioarteko Konferentzian parte hartzeari, “Observatorio Global del Español” erakundeak luzatutako gonbidapenari erantzunez.
Izan ere, “Observatorio Global del Español” erakundearen helburuak gaztelaniaren sustapena, identitate gaztelaniadunak sendotzea eta hizkuntza honen ekonomiaren garapena dira. Behatokiaren esanetan, helburu horiek zuzenean oztopatzen dute euskararen normalizazioa eta biziraupena Euskal Herrian, bai eta beste lurralde batzuetako gutxitutako hizkuntzena ere. «Hizkuntza gutxituak dauden lurraldeetan hizkuntza hegemoniko bat sustatzea oztopo larria da haien normalizaziorako eta etorkizunerako. Ondorioz, jardunaldi horien helburua ez da hizkuntza ezberdinetako hiztunen eskubideak eta hizkuntzen egoerak aztertzea, hala irudikatu nahi izan duten arren» adierazi du.
Behatokiaren jardunaren ardatz nagusiak euskararen lurraldeetan hizkuntza eskubideak zaintzea eta euskararen normalizazioa dira. Zentzu horretan, gogorarazi dute urtero jasotzen dituztela hizkuntza-eskubideen urraketen adibide ugari, batez ere Espainiako Estatuko administrazioek egindakoak, eta horien berri ematen dutela urteko txostenetan zein Europako erakundeetara bidalitako dokumentuetan. Horiez gain, bai Espainiako estatuaren araudi juridikoa, zein berariaz bultzatutako neurri eta baliabideak, gaztelaniaren hegemonia iraunaraztera bideratzen direla nabarmendu du.
Horregatik guztiagatik, Behatokiak jardunaldi horietan parte hartzeari uko egin dio Francisco Moreno Fernández “Observatorio Global del Español” erakundeko zuzendariari helarazitako gutun batekin. Halaber, Espainiako Gobernuak eta gure lurraldeetan dituzten administrazio publikoek euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartu behar dituztela gogorarazi du. Prentsa oharrarekin batera, 2024. urtean “Euskararen Telefonoa” zerbitzuan jasotako eskubide urraketen lagin bat ere helarazi dio Behatokiak antolatzaileei.
Albiste gehiago

Apirileko aipagarrienak
2025-05-05