Euskararen erabilera eta presentzia murrizten dituen Orkoiengo ordenantzari alegazioak egin dizkio Behatokiak

2024-05-02

Card image cap
  • Otsailaren 28ko Udal Plenoan onartutako euskararen ordenantzari alegazioak aurkeztu dizkiote Behatokiak eta Orkoiengo hainbat herritarrek.
  • Euskararen sustapenari eta herritarren eskubideei ezarritako murrizketak lehengora bueltatzeko eskatu dute. 
  • Nafarroako udaletako arduradunei dei egin diete euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta euskara sustatzeko ordenantza eta politikak aplikatu ditzaten, atzerapausorik eman gabe.

Gaur, Orkoiengo hainbat herritarrek, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera, alegazio formalak aurkeztu dizkiogu pasa den otsailaren 28ko Orkoiengo Udal Plenoan onartutako euskararen ordenantza definitiboari. Maiatzaren 3an bukatzen da alegazioak egiteko epea.

Gogoratu behar dugu, 2023ko abenduan salatu genuen bezala, Orkoiengo Udalak aldebakartasunez aldatu duela Euskararen erabilera eta sustapena arautzen zituen ordenantza, eta dokumentu berriak izan beharko lituzkeen helburuekiko atzerapausoak ezartzen zituela. Urtarrilean, ehunka herritarrek Orkoiengo kaleak bete zituzten ordenantza atzerakoia atzera botatzeko eskatu eta alkatearen adierazpen polemikoak salatzeko.

Hori horrela, ondorengo terminoetan aurkeztu ditugu alegazioak:

  1. Aurreko ordenantzaren zioen azalpenean euskararekiko egiten ziren erreferentzia guztiak ezabatu dira ordenantza berrian. Horren ordez, “hizkuntzez” orokorrean hitz egiten da, kontuan izan gabe euskara gutxiagotutako hizkuntza dela; eta honen erabilera eta sustapena bideratzeko neurriak ezarri behar direla, ordenantzaren izenak adierazi bezala. Beraz, testua lehengora bueltatzeko eskatu dugu.
  2. Herritarrek udalarekin euskara erabiltzeko zuten eskubidea inolako bermerik gabe uzten dute hainbat artikulutan, euskaraz zerbitzua “ahal den heinean” eskainiko zaiela adieraziz. Esaldi horiek ezabatu ditzatela eskatu dugu.
  3. Udalaren publizitate eta argitalpen zein bestelako elementuetan ere euskararen presentziarekiko bermeak ezabatu dira “ahal den guztietan” esaldia ezarriz. Adibidez, udaleko aldizkaria %100ean euskarara itzulita egongo dela esatetik, funtsezko gaiak soilik itzuli daitezkeela ezartzera pasatu da. Euskararen murrizketa argia da.
  4. Plantilla organikoan euskarazko arreta bermatzeko profilak ezartzen joateko artikulua aldatu da. Beraz, aurrerapausoak eman daitezela eskatu dugu, berariaz musika eskola, ludoteka edo hezkuntzari (haur eskolei) lotutako langileen profilari edo eskaintzari dagokionean. Honi lotuta, euskararen ezagutza nahitaezkoa ez duten lanpostuetan merezimendu izan dadin ere eskatu dugu.
  5. Horiez gain, udalaren zerbitzu telematikoetan zein teknologia berriei lotutako edozein euskarritan euskararen presentzia bermatzeko ekarpenak ere txertatu ditugu. Azpikontratatutako zerbitzuetan euskarazko zerbitzuak eskaintzeko neurriak, eta beste herrialde batzuetatik Orkoienera bizitzera datozen pertsonei euskara gerturatzeko neurri bereziak ere txertatu nahi izan ditugu ordenantzaren alegazioetan.

Adierazi nahi dugu Orkoiengo Udalean euskararen ordenantzarekin gertatutakoa Nafarroan herritarren hizkuntza eskubideekin gertatzen ari denaren adierazgarri bat baino ez dela. Baita ere, euskararen erabilera bermatu eta euskara sustatzeko neurrien aurkako judizializazioaz eta lege mugez gain, hizkuntza eskubideak, eta, beraz, herritarren eta hizkuntzen arteko berdintasun neurriekiko aitortza onartu nahi ez dituztenen jarreren adierazpide ere badela.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako udaletako arduradunei dei egiten diegu herritarren euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta euskara sustatzeko neurriak ezartzen dituen ordenantzak eta politikak aplikatu ditzaten, nola ez, egun ditugun araudi eta konpromisoetan atzerapausorik eman eta onartu gabe. Hizkuntza eskubideak edukiz husten ari diren guztietan, herritarrok tinko jarraituko dugu euskaraz izan eta bizitzeko eskubidea izan behar dugula aldarrikatzen. Euskaraz bizi ahal izatea ez delako batzuen kontua soilik, gizarte osoari dagokion berdintasunarekiko aitortza baizik.